Ikastolen Elkarteak 'Liburu ibiltaria' egitasmoa jarri du martxan, ikastolaz ikastola ibiliko dena
Honen bidez Ikastola ezberdinetako DBH3ko ikasleei euskaraz ongi pasatzeko aukera eman nahi zaie, euskal hizkuntzan esperimentatuz eta baita aisialdi forma berriak sortuz ere
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 18 otsaila 2021, 19:36
Ikastolen Elkarteak 'Liburu ibiltaria' egitasmoa jarri du martxan, ikastolaz ikastola ibiliko dena. Honen bidez Ikastola ezberdinetako DBH3ko ikasleei euskaraz ongi pasatzeko aukera eman nahi zaie, euskal hizkuntzan esperimentatuz eta baita aisialdi forma berriak sortuz ere. Ekimena 'Ikastolak Herriari' proiektuaren barnean gauzatu da.
Hala, Sopelako Ander Deuna ikastolako DBH 3ko ikasleak izango dira gaurtik aurrera liburua idazten eta ilustratzen hasiko direnak. Ondoren, liburu honek Sopelatik Leioara egingo du salto, Betiko ikastolako ikasleek testigua hartuko dutelarik.
Bi ikastola hauek izan dira aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak, eta jaien ekimena izanik, aurtengo jaien antolatzaile diren ikastoletatik ibilko da liburua. Horretaz gain, beste zenbait ikastolek esku hartuko dute ere egitasmoan, orotara Euskal Herriko zazpi lurralde historikoetako 21 ikastolek, hain zuzen ere. Izan ere, eremu soziolinguistiko ezberdinetan kokatuta egonik, errealitate horien guztien islada ere izan nahi du 'Liburu Ibiltariak' ekimenak.
Hortaz, liburuaren azken ukituak Lizarrako (Nafarroa) ikasleek emango dizkiete, Nafarroa Oinez egunean pantaila erraldoi batzuetan liburua ikusgai egongo delarik. Gainera, egitasmoan parte-hartzaile diren ikastolek oroigarri gisa 'Liburu Ibiltariaren' ale bat jasoko dute.
Ikastolen jai ezberdinek euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko esparru eta ekimenak ahalbidetzea dute xede, gazte ezberdinei euskaraz ongi pasatu eta aritzeko aukera anitzak bermatzen zaizkielarik.