https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ibilaldira joan nahi? Hurbildu zaitez autobusez edo trenez, eta autoa alde batera utzi

Gazte batzuk, Bizkaibuseko unitate batera sartzeko errenkadan./
Gazte batzuk, Bizkaibuseko unitate batera sartzeko errenkadan.

Bizkaibusek eta Euskotrenek dispositibo berezia abiatuko dute igandean Lekeitiora joan nahi dutenentzako

EL CORREO

Igandean Ibilaldira hurbiltzeko intentzioa baldin baduzu, jakin ezazu Bizkaibus eta Euskotren garraio operadore publikoek dispositibo berezia jarriko dutela Bizkaiko ikastolen aldeko jaialdira bertaratuko diren milaka lagunen joan-etorria bermatzeko.

Euskotreneko iturriek jakinarazi dutenez, konpainiak tren bereziak eskainiko ditu Matikotik (3. linea, 15 minutuan behin), eta Eibartik, 30 minutuan behin, Abadiñoko Trañako geltokiraino. Toki horretan, Bizkaibusek Lekeitioraino eramango ditu jaialdian parte hartu nahi dutenak, eta 30 autobus baino gehiago jarriko ditu, bost edo sei unitate tren bakoitzeko. Garraio publikoaren plan berezia 07:20tik 22:39ra arte egongo da martxan.

Informazio gehiago behar izanez gero, Bizkaibusek interesdunen esku jarri du telefono bidezko doako arreta zerbitzua (946 125 555), bai eta sare sozialetan dituen profilak eta zerbitzuaren web orria ere. Euskotrenek, berriz, ordutegi berezien berri emango du bere webgune, app eta Twitter kontuaren bitartez.

Gauzak horrela, Ibilaldiaren antolatzaileek nabarmendu dute nahi duten guztiek garraio publikoa erabili ahalko dutela Bizkaiko ikastolen aldeko jaialdira joateko. «Bizkaibus da Lekeitioraino joan ohi den garraio publiko bakarra, eta, hori dela eta, garraiobide bien arteko lankidetza ezinbestekoa izan da, ezin baita halako zerbitzu bat eman errepide bidez bakarrik», diote.

Linea berriak

Bestalde, Gernikatik egiten diren konexioetarako, Bizkaibusek indartu egingo du A3513 Bilbo-Galdakao Ospitalea-Gernika Lumo-Ea-Lekeitio eta A3523 Galdakao Ospitalea-Gernika Lumo-Aulesti-Lekeitio lineek eskaintzen duten zerbitzua. Gauzak horrela, 30 minutuan ibiliko dira autobusak bi lineetan.

Halaber, Bilboko Termibusen pilaketarik gerta ez dadin, irteera hauek kenduko dira: A3512 Bilbo-Lekeitio (autobidea), A3513 Bilbo-Galdakao Ospitalea-Gernika Lumo-Ea-Lekeitio eta A3523 Bilbo-Galdakao Ospitalea-Gernika Lumo-Aulesti-Lekeitio. Lineak, beraz, honela geratuko dira: lehenengoa (A3512) Iurretatik Gernikara joango da, eta bigarrena eta hirugarrena (A3513 eta A3523), berriz, Galdakaoko ospitaletik Gernikara eta Lekeitiora; hau da, A3512, A3513 eta A3523 lineetan ez da Bilbotik irteerarik egingo egun horretan, bazik eta Iurretatik eta Galdakaoko ospitaletik, hurrenez hurren.

Barik eta 'Ibilaldi' txartela

Bestalde, bidaiariak Barik txartela erabili ahal izatea aurreikusi da. Treneko zenbatekoa ordaintzeko, sorburuko geltokian eta helmugako geltokian (Traña) baliozkotu behar da txartela. Autobusa geltokitik metro gutxira egongo da, eta bidaia osoa geratuko da ordainduta, joanekoa zein itzulikoa.

Horrez gaineraz, Bizkaiko Garraio Partzuergoak txartel berezi bat jarriko du Bizkaibusen, 'Ibilaldi' izenekoa, Trañara bere kabuz joaten direnek aukera izan dezaten Lekeitioraino doazen zerbitzu bereziak erabiltzeko. Horretarako, 'Ibilaldia' txartela atera beharko dute berariaz jarriko den behin behineko kabinan (ekitaldiaren antolatzaileak arduratuko dira kabina horretaz). Txartelaren prezioa 3 euro da Traña-Lekeitio bidaia egiteko, joanekoa eta itzulikoa.

Dispositibo berezia posible izango da Euskotrenen, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren, Bizkaikusen hiru emakidadunen (Busturialdea, Ezkerraldea eta Txorierri) eta Ibilaldiaren antolatzaileen lankidetzari esker.