Holandak nortasun agirian sexua jartzeari utziko dio
LGTBI kolektiboak erabat txalotu du Europako herrialdeak hartutako erabakia
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 8 uztaila 2020, 18:42
Holandak nortasun agirian sexua jartzeari utziko dio. Hala, Amsterdamek sexua ez dela norbanakoen identitatea zehazteko ezinbesteko elementua aldarrikatu du. Hori dela medio, hemendik aurrera generoa zehazten duen laukitxoa desagertu egingo da nortasun agiritik. LGTBI kolektiboak erabat txalotu du Europako herrialdeak hartutako erabakia.
Hezkuntza eta Kultura ministroa den Ingrid van Engelshovenek duela pare bat egun Kongresuan nabarmendu zuenez, Holandako herritarrek euren identitatea gaur egun ezinbestekoa den askatasunean garatu ahal izango dute.
Hortaz, aurrerantzean LGTBI kolektiboko norbanakoek ez dute euren sexua bi aukeraketaren artean baldintzatu beharko. Lege berri hori aurrerapauso ikaragarria izango da genero identitate ezberdinen alorrean. Dena den, oraindik esparru horretan lan asko egiteko dago. Izan ere, pasaportean ez dute edonolako sexu motaren aldaketarik egingo, Holandako Gobernuak Europar Batasuneko legedia errespetatzen jarraituko baitu.
Herbehereak ez dira sexua nortasun agiritik deuseztatu duen Europako lehendabiziko herrialdea. Alemanian, esaterako, jada urteak dira nortasun agirian sexua ez dela zehazten.
Neurria hartu baino lehen Herbehereetako Gobernuak inkesta bat jorratu zuen herritarren artean, neurriaren inguruan zuten iritzia ezagutzeko asmoz. Herritarren %4 ez zen batere eroso sentitzen 'emakume' ala 'gizon' hautaketa egiterako orduan. Izan ere, mundutik barrena bidaiatzerakoan edota segurtasun kontrolak igarotzerakoan, ez ziren ondo sentitzen azalpenak eman behar zituztenean.