Borrar
Irakurketa irudikatzen duen irudia.
Hiru liburu lasai irakurtzeko

Hiru liburu lasai irakurtzeko

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Domingo, 30 de diciembre 2018

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Durangoko uholdea amaitzeko zorian dagoela, hona hemen egunkarietan oihartzun handia lortu ez duten hiru liburu. Poesia lanak dira gainera. Baina nork irakurtzen du gaur egun poesia?

Irakurri dugu jada Irati Elorrietaren nobela sendoa, Sarrionandiaren Habanako gauen itzalak eta argiak, jokoak eta gogo irudikapenak, egutegia mila aldiz eraberritua, Harkaitz Canoren Imanol kantariaren bidea. Ai!, Cano, beti kazetari kultural nagusiaren gisa gure gaurkotasunean arakatuz, gure gizartearen alde ezkutuetan abentura zale, ikerle amorratu eta argi.

Baina nik mugaren mugetan diren liburuak ere baditut gustuko, arreta handirik sortu ez dutenak, ahapeka aholkatzen direnak.

Hara lehena. Agurtzane Galardi (1969). 'Hegodun poemak', Iruña Hiria III. Nazioarteko Poesia Sariketa irabazi duena. Nire ibilbidean ikasi dut literatur lehiaketa bat irabazi duenak ez duela berez askoz gehiago irabazten. 'Xabier Lete' Poesia Lehiaketa irabaztekotan egon omen zen liburua, baina Juanjo Olasagarrek jaso, azkenean, eta liburua beste ibilbide bat egitera joan zen. Gazteleraz idazten diren egunkarietan bere txokotxoa izan du, euskarazkoetan oso gutxi edo ezer ez. Eta liburuak merezi du. Galardik ohi duenez, historia bakarraren inguruan osatu du poema bilduma. Asmo bakarra, hizkera poetiko berezia. Hegodunak dira poemak andere pilotu baten inguruan, Amelia Earharte-en inguruan, idatzi duelako poema liburua, ohi duen fintasunez, ohi duen xarmarekin. Ikuspuntua, gaia iradokizunez (eta irudiz) betetzeko ahalmena baitu idazleak. Galardiren liburuek badute hainbat elkarrizketaren oihartzuna, hemen irudi bat, han aipu zuzena, irudi mundua beti, eta inpresioz eta sentsibilitatez eraikita mundua ageri da orrialdeetan eraikia.

Patxi Ezkiaga (1943-2018), garai bateko poeta ezaguna, hil zela egunkari bateko kirol arloan irakurri nuen. Poeta bat hil zela futbol talde baten zale zelako ekarri zitzaigun gogora. Gurea sistema sendoa dela (eta Europako literaturarekin parekatzekoak garela) esaten dutenentzat zer pentsa ematen duen paradoxa! Bitxia berria. Ederra paradoxa! Eskerrak Balea Zuria argitaletxeak poetaren indarra hurbildu digun! 'Blues bat bizitzari' da liburuaren izenburua eta poetaren erabateko antologia ederra jarri zaigu begien aurrean. «Aurpegi bat eman nahi izan diot,/ bakardadeari/ kontraesanaren hariak ehoa»: horra bukaerako poemaren hasiera. Ezkiagaren poesia sotila izan da, xarma berezia sortu duena. Eta heriotzaren orduan ederra da bizitzaren bluesa entzutea. Aspaldi idatzi nuen haren poesiaz: «Sormen mundua sentsibilitatez ikusten duen poeta dugu, eta ez da zalantzarik hizkuntzaren erabileran poeta nagusia dugula». Gaur esaldia berretsi nahi nuke. Besterik ez.

Euskal poesiara agertu eta joan doan poeta askorik badago gurean, traiektoria laburreko idazleak deitu ohi ditugu. Agian, horrelakoa izango da Manu López Gaseni (1961). Baina gaurko irakurleentzako liburu ederra idatzi du: 'Aldi baterako'. Heriotatik hurbil den gizakiaren aitorpena, aldi baterako garela gogora ekarri duen testua, baina erraietatik, hurbiletik, esperientziatik hitz eginez, heriotzaren arnasa eztarrian edanez idatzitako liburua da López Gaseniren hau. «'Itzuli' nintzenean/ zure begiak ikusi nituen/ lehendabizi». Esperientzia ahopeka adieraziz, hitz gutxitan. Baina indarrez, minez, eta mina irakurleari ahoaren ertzean utziz. «Munduaren ifrentzua/ ikusi dut/ mirailaren beste aldean» eta testigantza eman du. Emozioa, eta emozioarekiko lotura: liburuaren indarrik handiena.

Mugaren mugan dago poesia. Mugaren mugan daude hiru poetak, hiru liburuok. Zubitegian begiratu dut liburu hauen harrera. Galardi: 0 kritika. Ezkiaga: kritika 1. López Gaseni: kritika 1. Hiru liburu mugetan. Hiru liburu uholdea pasatzerakoan irakurtzeko.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios