Hego Sudango independentziaren 10. urteurrena: inoiz baino haur gehiagok behar dute laguntza humanitarioa
Herrialde horretako haurren bi herenek laguntza behar dute, UNICEFen txosten baten arabera
Hamar urte beteko dira ostiral honetan Hego Sudanek independentzia lortu zuenetik, eta, data horren harira, Afrikako herrialdean 4,5 milioi haurrek (hirutik bik) laguntza humanitarioa behar dutela ohartarazi du UNICEFek.
Krisi humanitarioak haurtzaroan izan duen eraginari buruzko txostenean (Respond to our cry, ingelesez) erakundeak argi utzi du azken hamar urteetan desagertu egin direla herrialdeko haurrentzat hasiera berri baten itxaropenak. Bertan diotenez, indarkeria eta gatazka gertakariek, behin eta berriro errapikatzen diren uholdeek, eta lehorteek eta muturreko beste fenomeno meteorologiko batzuek -klima-aldaketak eta krisi ekonomiko gero eta larriagoak lagunduta- elikadura segurtasunik eza eta munduko krisi humanitario txarrenetako bat eragin dute.
Gainera, bake-akordioa partzialki baino ez da aplikatu, eta orain arte ez du lortu herrialdeko haur eta gazteek dituzten zailtasunei konponbidea jartzea. «Hego Sudango haurrek eta familiek 2011n euren herrialde berriaren jaiotza ikustean sentitu zuten itxaropena eta baikortasuna etsipen bihurtu dira pixkanaka», adierazi du Henrietta Fore UNICEFeko zuzendari exekutiboak. «Indarkeriak, krisiak eta gehiegikeriek hamar urteko haur askoren haurtzaroa hondatu dute herrialdean», gaineratu du.
Hego Sudanen 8,3 milioi pertsonek behar dute egun laguntza humanitarioa, 2013tik eta 2018ra arteko gerra zibilean baino askoz gehiago (6,1 eta 7,5 milioi pertsona artean egon zen une hartan). Haurren heriotza-tasa munduko altuenetakoa da, hamar haurretatik batek ez baititu bost urte beteko. Elikadura segurtasunik ezaren maila altuak bereziki kezkagarriak dira: aurten 1,4 milioi haur inguruk desnutrizio akutua jasango dutela espero da, 2013tik izandako kopururik altuena. Gainera, kalkuluen arabera, 300.000 haurrek baino gehiagok -inoiz erregistratu den kopururik altuena- desnutrizio modurik txarrenak jasango dituzte, eta hiltzeko arriskua izango dute tratamendurik ematen ez bazaie.
Hezkuntzarako sarbide mugatua eta abandonu-tasa handien ondorioz, 2,8 milioi haur eskolatu gabe geratu dira, munduan eskolatu gabeko haurren proportziorik handiena, eskola-adinean dauden haurren %70 baino gehiagorekin. Hori nahikoa ez balitz, Covid-19aren pandemiaren ondorioz, 14 hilabetez itxi dituzte ikastetxeak, eta, ondorioz, beste 2 milioi haurrek utzi dituzte ikasgelak.
Ura, saneamendua, higienea...
Segurtasunik eza etengabea bada ere, UNICEF lanean ari da bere aliatuekin desnutrizio akutuaren ondorioz adingabeak aztertzeko eta horiek tratatzeko gaitasuna handitzeko. 2021ean 1,4 milioi haur aztertzea aurreikusi da. Halaber, edateko ura, saneamendua, higienea eta osasun-arretako oinarrizko zerbitzuak eskuratzea ere daude UNICEFen lehentasun nagusien artean, hezkuntzarako sarbidearekin batera.
Hala ere, finantzaketak mugatua izaten jarraitzen du. UNICEFek 180 milioi dolarreko (152 milioi euro inguru) deialdia egin zuen aurten haur ahulenak artatzeko. Urtearen erdian, hala ere, eskaera horrek funtsen heren bat baino ez du, eta Erantzun Humanitarioko Planak ere behera egiten jarraitzen du. Emaileek murrizketak egin dituzte Hego Sudanerako aurrekontuetan, edo egingo dituztela ohartarazi dute. Krisiak okerrera egingo du urritasun-denboraldian sartzean, uholdeak izateko arriskua handiagoa izango baita. Bizitzak galduko dira premiazko neurriak hartzen ez badira.
«Guk, kolektibo humanitario gisa, finantziazio nahikoa jasotzen ez badugu, haur eta familientzako errealitatea izango da ez dela laguntzarik iritsiko», adierazi du Andrea Suley UNICEFek Hego Sudanen duen ordezkariak. «Erakunde humanitarioen ardura da Hego Sudanen zerbitzuak ematea. Familiak mehatxatzen dituzten eta sarbide humanitarioa oztopatzen duten indarkeria eta segurtasun falta orokorrari amaiera ematen ez bazaio, eta finantziazio egokirik ez badago, osasun eta nutrizio zentroak itxi egingo dira, putzuak ez dira konponduko eta txertoentzako hozkailuak hotz mantentzen dituzten sorgailuen soinua laster desagertuko da», deitoratu du.