https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hego haizea

Ezustea eman dute Andaluziako hauteskundeek, bai PSOEk 36 urte eta gero hartutako jipoiagatik zein Voxeko eskuin muturrak dozena bat ordezkari lortu dituelako. Garai nahasiak dira politikan, aldakorrak, populismoarentzat bereziki oparoak

Santiago Abascal, prentsaurreko batean./EFE
Santiago Abascal, prentsaurreko batean. / EFE
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Globalizazioak eta horrekin batera sortutako tresnek bestelako abiaduran daramatzate prozesu politiko, sozial eta ekonomikoak. Berehalakotasuna oso lotuta dago emozionaltasunarekin, bat-batekoarekin, arazo konplexuei irtenbide errazak bilatzen saiatzearekin. Munduko punta batean jazotakoak une berean eragiten die bestean daudenei. Nortasun galeraren osteko ezinegona edo deslokalizazioen ondorioz lana galtzeak eragindako frustrazioa kutsakorrak dira herrialde aberatsetan, eta itxura ezberdineko antipolitika bizitu dute. Gero eta ugari zein bozkatuagoak dira ustezko salbatzaileak, malenkoniaz gogoratzen den iraganera itzultzea ahalbidetuko omen dutenak. Arrazoiaren ordez deskarga emozionalak dira gero eta jaun eta jabeago politikan, nahiz eta historiak irakatsia digun zer sortzen den horretatik.

Andaluziako hauteskundeak abisua besterik ez dira izan horri dagokionez. Europako zenbait herrialdetan edo-ta Estatu Batuetan guztiz egonkortutakoak diren fenomenoak gerturatzen ari direla adierazten duen ohartarazpena. Ez horrenbeste PSOEren porrotagatik, ez baita harritzekoa ia lau hamarkada eta gero alderdi batek boterea galtzea. Ezohikoa orain artekoa zen, egia esan. Aldaketa gauzatzeko modua da asaldagarriena. PPk eta Ciudadanosek Vox gehitu beharko dute euren batuketara gehiengoa osatzeko eta, dagoeneko, bien inguruko bozgorailu guztiak neke gabe ari dira eskuin muturra zuritzen.

Berdin zaio zeintzuk diren Abascal eta enparauen bazkideak nazioartean, bost axola eskubide zibiletan atzera egin nahi duten, ez du inporta Konstituzioaren oinarrizko zenbait printzipioren aurkakoak diren edo Europaz zer dioten. Pragmatismorik gordinena jokabidetzat hartuta, boterea nahi dute Andaluzian PPk eta Ciudadanosek, nahiz eta horretarako oso eskuinekoa eta oso muturrekoa den alderdi batekin lotu behar. Urrats hori egiteak Voxi errespetagarritasun politikoa oparitzea dakar ezinbestean, pareko gisa hartzea, eta epe ertain eta luzeko horren ondorioak ikusteke daude.

Euren eszenografia oso ondo zaintzen dute Abascalen jarraitzaileek. Espainiako banderak nonahi, baina konstituzionalak. Frankismoa diktaduratzat jo ez arren —hala esan berri du alderdiko ordezkarietako batek— ez dute nostalgiko modura agertu nahi, ez dute hori ekinbide politikoaren oinarri bihurtu gura. Badakitelako bide horrek ez daramala inora, zama besterik ez dela. Ondorioz, helburuak betikoak diren arren —aberriaren goraipamen puztua, garai bateko erabateko zentralismoa, ezberdinaren eta gutxiengoen aurkako jardun zapaltzailea edo-ta tradizioen eta erlijioaren aldarrikapen bereizgarria, besteak beste—, hain modan dagoen eskuin muturreko populismoari atxikita datoz orain.

Bi dira hazteko lantzen ari diren gai nagusiak: Kataluniako egoera eta inmigrazioaren ondorioak. Leheneko prozesu independentistak halako erreakzio bat eragin du nazionalismo espainiarrean, eta horren zatirik sutsuena Voxera sakatu du. Hangoa elkarrizketa baliatuta bideratu behar da albait arinen, norbere mugak eta bestearenak aintzat hartuta, eta ez da egungoa baino agertoki hoberik egongo horretarako. Eragile guztiek argi izan behar lukete. Batik bat Kataluniaren naziotasuna onartzen dutenek. Ez dago gehiengo nahikorik independentzia prozesu baterako, eta hori zenbat eta lehenago onartu orduan eta mugatuagoak izango dira maila guztietako kalteak. Zentsura mozioaren aldeko blokeari eragile izatea dagokio, alternatiba zein den aintzat hartuta. Andaluziako bozetako emaitzek Pedro Sánchez beldurtuko zuten, ziurrenik, baina oraindik ez da berandu. Katalunian aurrez aurrekoaren estrategiaren aldekoek frustrazioa baino ez dutelako eskaintzeko, eta horri alternatiba egingarri eta ausarten bat eman behar zaiolako negoziaziotik.

Inmigrazioarena da Voxen gisakoek zabaltzen duten mezuaren beste ardatzetakoa. Giza-zorigaitz itzela dago lekuz aldatze horien atzean, sarraskietatik edo pobreziatik ihes egin eta bizimodu hobea izan nahi hutsa. Ezin besterik eskatu edozein pertsonari. Baina azkenaldion gehitzen ari dira kanpotik datozenen aurkako ahotsak, askotan isilpe antzekoak edo talde mugatuetakoak diren arren. Kontrolik gabeko fenomenoa ikusten dute hainbatek hor eta beldur dira. Pobreen arteko lehia da, neurriren batean. Laguntzak edo onura sozialak besteen esku galtzeko edo horiek gutxitzeko kezka, batez ere.

Ez da ezer berria. Frantzian Alderdi Komunistarenak izandako bozetako asko Fronte Nazionalera joan ziren halako batean, bultzada ideologikoa barik biziraupenekoa-edo nagusituta. Eliteek sortzen dituzte eskuin mutur populistako alderdiak, baina langile asko eta asko dira horiek elikatzen dituztenak. Badira, jakina, berez xenofoboak direnak, tradizioa eta bizimolde jakin bat arriskuan ikusten dutenak edo segurtasun arazoei heltzen dietenak, baina ez gaude aurreko mendeko fenomeno totalitario klasikoen aurrean, baldintza sozialak oso bestelakoak direnez gero. Sistemako alderdiek ez dute asmatu horiei aurre egiten, inmigrazioa ordenatzen, jatorrizko herrialdeetan onerako eragiten, kontakizun trinko bat osatzen. Eta zirrikitu horietatik sartzen dira Voxen antzekoak; edo besterik gabe kalean, edozein jatorri ideologikokoak izanagatik, haserre edo suminduta daudenak.

Politikak arazoak bideratu eta konpontzeko tresna izaten jarraitu behar du, egungoei erantzutekoa. Gehiago entzun behar zaie herritar xeheei, horien kezkak eta ezinegonak sasoiz antzeman eta aintzat hartzeko. Zenbait arlotako utzikeria, urruntasuna eta ekimen eza daudelako muturrekoen goraldietan. Ez da nahikoa fenomeno bat adjetibatu eta egonean geratzea. Eraginkortasuna da sasoion herritarrek gehien eskertzen dutena, euren eguneroko bizimoduan pairatzen dituztenei aurre egitekoa. Eta horrek behar du alderdi politiko demokratikoen lehentasuna, sentibera izatea, kaletar apalekin ahalik eta gehien nahastea. Langile askok euren etorkizuna eskuin muturraren esku uztea hainbat hutsuneren adierazle delako, eragile politiko ugariren autokonplazentziarena, elitismoarena, arazoak detektatzeko gaitasuna galtzearena. Besoak garbaltzeko sasoia da, printzipio demokratikoak aldarrikatzekoa, despotismo ilustratuari errotik uko egitekoa. Demokraziaren biziraupena da inoiz jokoan egon litekeena. Eta elkartasunarena. Eta gizatasunarena.