https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gatibu musika taldeak 'Ez Naz Makurtuko' bideoklip berria kaleratu du

Gatibu musika taldeak 'Ez Naz Makurtuko' bideoklip berria kaleratu du
P. Urresti

Abestiak aurreiritzi eta konplexuak alde batera uztea eta bakoitzaren identitatea onartzea du xede

UNAI SARRIUGARTE

Gatibu rock talde bizkaitarrak «Ez Naz Makurtuko» bideoklip berria kaleratu du. Abestiak aurreiritzi eta konplexuak alde batera uztea eta bakoitzaren identitatea onartzea du xede. Kanta honen bitartez musika taldeak pertsonak maitatu eta izateko nahiz bizitzeko inposatu nahi diguten bizitzaren aurrean ez makurtzeko aldarrikapena izatea bilatzen du.

Izan ere, askotan makurtu edota ikusezin izatea bilatzen du jendeak gizartean inposatutako zenbait patroi eta jarreren aurrean. Hortaz, bideoklip berri honen bitartez gizadiak izaten dituen aurreiritzi eta konplexuei ez ikusiarena egitera animatzen du jendea.

«Ez naz makurtuko» kanta Gernikako musika taldeak iaz kaleratutako Azken Indioak diskoaren zazpi abestietako bat da. Kantu hauek Texaseko (AEB) Sonic Ranch estudioetan grabatu ziren 2018ko urriaren 2tik 10era bitartean. Saxoak eta tronpetak «Uhinak», «Ez naz makurtuko» eta «Oh, nire maitie» abestiak, berriz, Josep Valldeneu Barrerok eta Miquel Rojo Rosasek Kataluniako Sant Feliu de Guíxols-eko Ultramarinos Costa Brava estudioetan grabatu zituzten.

16 urteko ibilbidea darama bizkaitar rock laukoteak. Euren lehendabiziko abestietatik argi eta garbi antzeman daiteke taldea euskal kulturako lerro musikal hedatuenetarikoa izateko jaioa izan dela. Taldeak ibilbide musikalean lanen joera soinu naturalago, gozoago eta irekiago baten bilaketan bideratu duela azpimarra daiteke.

Taldearen musika-estiloa bizkaitar euskalkian abesturiko rock koloretsua da oinarrian, melodiaz betea eta bizia. Konplexu artistikoetatik ihesi egindako musika zabala, rock-aren indarra pop-aren doinuarekin uztartuz sortzen dena. Bertan adiskidetasuna eta zirrara edo gogo-aldarteak ardatz dituen egunerokotasun gaiei buruz hitz egiten da. Noizbehinka folk, country edota funky erritmoak nahasten dituzte abestietan.

Hamasei urte hauetan Euskal Herriko hainbat txokotan eman izan dituzte kontzertuak. Nabarmentzekoa da 2006. urteko BBK Live jaialdian eskaini zuten musika emanaldia. 2014. urtean, berriz, EHZ jaialdian Ska-P eta Pendulum talde entzutetsuekin igo ziren oholtza gainera. Gainera, Espainian eta nazioarte mailan zenbait kontzertu eskaini dituzte: Madril, Bartzelona, Valentzia, Londres, Belfast, Paris, New York, San Frantzisko, Los Angeles, Washington edotan Mexiko DF besteak beste.