https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

FERLOSIO

FERLOSIO
Felipe Juaristi
FELIPE JUARISTI

Garai batean oso Ferlosioren zalea nintzen. Gaztetan, artean herrian bizi nintzenean 'Alfanhui' irakurri nuen. Ez nuen sekula amaitu 'El Jarama'. Literatura errealistak, edo errealismo-klase horrek bederen, ez dit onik egin sekula. Gehiago gozatu nuen 'Vendrán más años malos y nos harán más ciegos' izenburu luzea duenarekin. Ia ibai bat da, aldez eta moldez. Oraindik, noiz edo noiz, gogoa nola, irakurtzen dut, edo saiatzen naiz, osorik ez bada, zatika irensten. Ez du prosa erraza izan Ferlosio semeak, landua ez ezik, sakona ere bada, sakontasuna sakonki gordeta dagoen garai honetarako, esan nahi dut. Berak ez dio garrantzirik ematen sakontasunari. Dio asmakizuna dela, hitzak sakratu bihurtzeko asmoa dutenek estimatzen duten mamua. Jakina, ez dagoena baloratzen eta balioztatzen da, dagoenaren aldean esan nahi dut. Idatzitako guztia sakona balitz, beste iritzia genuke sakontasunari buruz. Baina, zoritxarrez, arina eta azalekoa baino ez da ikusten, gure artean ez ezik, baita kanpoan ere.

'Alfanhuí' beste kontu bat da. Gurasoei kontatu omen zien ipuina. Ez dakit egia ote. Gurasoak izaten dira normalean ipuinak eta istorioak kontatzen dituztenak: egia esateko beldurrez, iragana ezkutatzeko asmoz. Gurasoen iraganak beti du, hala behar gainera, zerbait okerreko eta maltzur, ezkutatzea komeni dena. Gurasoek gezurra esateko joera dute. Stevensonek seme-alabei esaten zizkien altxorraren bila zebiltzan piraten ipuinak. Gero, denok dakigunez, 'Altxor uhartea' idatzi zuen. Gaurko ikuspegitik begiratuta batera daitezke elkarrekin 'Alfanhuí' eta 'Altxor uhartea', baita 'El Lazarillo' ere, itsumutilaren istorio zoragarri hori. Neska-mutilek irakurtzen dituzte liburuok, baina helduek ere badute zertaz gogoeta egin, haien lerroetan murgilduz gero. «Pikaroen istorioak», esan ohi dute literaturaren arloan izena duten kritikariek. Pikaroak, ordea, gizartearen fruitu eta emari dira, irauteko bizi direnak, edo bizitzeko iraun, ez dakit. Itsumutila gizarteko gaitzak ikusi nahi ez dituen gizarte baten aitzindaria da, berak gidatzen ditu gidatzen uzten dutenak. Eleberri modernoan, gerraostekoan hain zuzen, ikus daitezke oraindik haren zantzuak, arrastoari jarraitu nahi izanez gero. Itsumutilaren historia ikasbidea bada ere, Alfanhuírenak, Stevensonek asmatutakoak bezala, beste tankera bat hartzen du; errealitatetik ihes eginez, beste mundu batera, ametsetakora agian, eramaten gaitu.

Denetik ikas badaiteke ere, baita, diotenez, liburu txarretatik ere, liburu guztien helburua ez da bidea erakustea, bidean aurki daitezkeen traba eta gorabeherak begietara ekarrita, baizik eta bidea entretenigarria egitea, ez dagoena ikusiz. Liburu batzuek egia erakutsi nahi duten bezala beste batzuek gezurraren mugak gainditu eta beste lurralde batera eramaten gaituzte, literaturaren mundura hain zuzen. Oraindik bada kritikarien artean literaturaren egiazkotasunaz eta faltsutasunari buruzko eztabaida, fikzioa eta errealitateari buruzkoa hain zuzen. Betikoa da eta zaila ebazten, fikzioa errealitateak sortua baita eta errealitateak, hartaz idaztean, fikziotik hartzen du behar duen hazkurria. Rafael semeari Rafael Sánchez Mazas aitak kontatu zion Cercasek gero 'Soldados de Salamina' eleberrian idatzi zuen historia. Ez dakit egia ote.

Orson Welles 'For Fake' (Iruzurra) pelikularen zuzendaria da. Interneten ez bada, zaila da ikusten. Elmyr de Hory iruzurgilearen historia kontatzen du. Tesia hauxe da, ez dagoela faltsuaren eta egiazkoaren artean bereizterik, dena baita faltsua, edo gehiena, neurri batean edo bestean. Tesia, bere horretan, ezin da frogatu. Arte munduan dena izan daiteke faltsua edo ez, nondik begiratzen den eta, batez ere, zer begiratu eta zer ikusi nahi den.

Literatura ere antzekoa da, liburu bat hartzen dugunean jakin behar zer irakurri nahi dugun, zer irakurriko dugun beti jakiterik ez dugunez. Esan ezin ez dena, gordina delako, edo gaitzaren hormak zulatzen dituelako, gezurraren oihalez estaltzen da, ezikusia izateko. Ipuintzat hartzen dugu hori, alegiatzat.

Temas

Euskera