Ver fotos
«Euskarak eta ikastolek Ibilaldia bezalako ekimenen beharra dute»
Xabier Ugalde, Sopelako Ander Deuna ikastolako zuzendaria, pozik azaldu da igandean bizitakoarekin. «Bizi dugun egoera kontuan hartuta, moldatzen eta egokitzen jakin izan dugula txalotu digute», aipatzen du, 3.000 lagun inguru bildu dituen egitasmoaren harira
Ibilaldiak utzitako 'ajea' kentzea asko kostako da. Eta beraien esku egongo balitz, seguro ez luketela inoiz ezabatuko. Egunero 'edan' nahiko lukete igande honetan poztasuna, gozamena eta ilusioa eman dien iturri berdinetik. Zaila izango zaie Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolei aurtengo edizioa ahaztea, baita hurbildu ziren 3.000 lagun ingururi ere. Batez ere, pandemiak aurrean jarri zien erronka nagusia gainditzea lortu zutelako, euskararen eta ikastolen aldeko apustua egiten duen jaialdi honek bidea egiten jarrai dezan.
Egoerara moldatu behar izan zuten programa, eta, logikari desafiatzen, ibilaldirik gabeko Ibilaldia prestatu. Ohituta geunden irudia segurtasun neurrietara atondu eta lau gunetan garatu zen jardunaldia, joko, tailer eta ikuskizunekin. Jende iskanbilarik gabe, festak gainezka egin zuen pertsona bakoitzaren barruan. Maskarek ezin izan zuten gazte zein gurasoen irribarrea eztali, primeran ari baitziren pasatzen. «Hainbat lekuetatik heltzen ari zaizkigu zorion mezuak», aitortzen du Xabier Ugaldek, Ander Deunako zuzendariak, EL CORREOri eskainitako elkarrizketa batean. Poztasuna nabari zaio, ez da gutxirako.
-Azkenean, egun handia heldu zen, horrenbeste esperotako unea. 2021eko Ibilaldia Sopela festa eta gozamen giroarekin 'kalakalatan' jartzeko prest zegoen. Eta egun berezi honi hasiera emateko, irrintzi ozen batekin eman zitzaion ongi etorria.
-Irrintzia entzuterakoan, leku eder batean geundela, eguraldia lagun genuela eta azken hilabeteetan egindako lanaren emaitzaren zati handi bat hurrengo orduetan ikusiko genuela sentitu nuen. Eta horrela izan zen, buruan irudikatzen genuen Ibilaldia eguna bera, eta pentsa bezala bete zela esango nuke.
Noticia Relacionada
Ibilaldiak 'Kalakalata' jarri zuen Sopela
-Euskarak eta Bizkaiko ikastolek honelako egun baten beharra zuten.
-Nire ustez euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekimenen beharra dago oraindik ere. Eta zentzu horretan egiten diren ekarpen guztiak, handiagoak edo txikiagoak, guztiak dira baliagarriak. Azken batean, sortu zireneko helburuak egun ere indarrean daudelako.
-Erronka zaila zeneukaten aurrean, pandemiak dena baldintzatu zuelako, baina zalantzarik ez dago ondo erantzun diozuela. Zer izan da zailena betetzen?
-Leloa eta logoa alde batera utzita, gainerakoa azken laupabost hilabete hauetan antolatu behar izan dugula. Talde ezberdinak aritu izan dira lanean Ibilaldia aurrera ateratzeko. Lan taldeen arteko komunikazioa, ezarritako irizpideak partekatzea, horren denbora gutxian guztiok ildo beretik jotzea, beharbada, izan dira gauzarik zailenak. Denbora horretan, Betiko eta Ander Deuna Ikastoletako komunitateetako kideekin osatutako lan taldeak sortu eta zereginak eta ardurak banatu ziren. Banaketa horretan pisu eta garrantzi berezia hartu du kultura lan taldeak; berari egokitu baitzaio egingo ziren ekitaldien nondik norakoak lantzea. Horrek markatu izan du, hein handi batean, lan ildoa.
-Eta esfortzu handi horrek erantzun bikaina izan zuen hasiera-hasieratik, sarrera guztiak azkar agortu zirelako. Gogoz zegoen jendea.
-Erantzuna bikaina izan da, bai. Izena emateko epea zabaldu orduko bete ziren guneak. Ez dago zalantzarik jendea gogo zela parte hartzeko. Azken urte eta erdian bizi dugun pandemia egoerak guztioi eragin digu eta beste fase batean sartu nahi dugu. Familiei zuzendutako programarekin bide bat jorratu da eta baliagarria izan daiteke etorkizunari begira. Egia da Ibilaldiaren egunean bertan, 'kaltetuenak' nerabe eta gazteak izan direla; ez baita egun horretan euren gustukoa izan daitekeen ezer eskaini. Hori kontuan hartu beharko da hurrengoetarako. Adin horretan euskararekiko jarrera egokiak sustatzea oso garrantzitsua delako.
«Buruan irudikatzen genuen Ibilaldia, eta pentsa bezala bete zela esango nuke»
Xabier Ugalde, Ander Deunako zuzendaria
Nola bizi izan zenuen eguna? Guneren batera hurbildu zinen?
-Ikastolako bulegoan bertan ezarrita zegoen koordinazio gunean izan nintzen, gune ezberdinen bilakaeraren jarraipena egiten. Ez nuen aukerarik izan guneren batera hurreratzeko. Arratsaldeko lehen orduan, behin Ibilaldia amaitu zela, lasaitasuna sentitu genuen eguna ondo joan zela jakitean, ez zela ezer larririk gertatu. Gainera, goizean entzundako iritziengatik jendea pozik ibili zen gune ezberdinetan.
-Egia da egitasmoa inoiz baino goizago bukatu zela, pena handiz esan behar izan zitzaiola 14.30ean agur Ibilaldiari.
-Bai, eta ordutik geroztik hainbat lekuetatik zorion mezuak heltzen ari zaizkigu. Ez dakit gehien errepikatzen den mezua zein den baina bai denok azpimarratzen dute bizi dugun egoera kontuan hartuta, moldatzen eta egokitzen jakin izan dugula.
-Begiak itxiko bazenitu, zein momentu datorkizu burura?
Bada, hasiera ekitaldian ikasleak Ibilaldiko kantaren koreografia dantzatzen eta ikusleak erritmoa txalokatzen entzun eta ikustea oso momentu ederra izan zen, zalantza barik.