Euskaltzaindiak 19 urgazle eta 26 ohorezko berri izendatu ditu
Urgazleei dagokienez, oraingo honetan, Gipuzkoakoak, Ipar Euskal Herrikoak eta Bizkaikoak baino ez dira izendatu. Azken ohorezkoak, berriz, 2018ko apirilaren 27an izendatu ziren
Zurekin
Asteartea, 30 azaroa 2021, 20:26
Euskaltzaindiak 19 urgazle eta 26 ohorezko berriak izendatu ditu, Akademiak astearte honetan jakinarazi duenez. Batzuen eta besteen zerrendak joan den ostiralean onetsi ziren aho batez, Iruñean egindako azaroko osoko bilkuran.
Euskararen Errege Akademiatik nabarmendu dutenaren arabera, urgazleei dagokienez, oraingo honetan, Gipuzkoakoak, Ipar Euskal Herrikoak eta Bizkaikoak baino ez dira izendatu, Arabakoak 2015eko uztailaren 17an izendatu baitziren, eta Nafarroako azken urgazleak 2016ko apirilaren 29an. Azken ohorezkoak, berriz, 2018ko apirilaren 27an izendatu ziren.
Horrela, ohorezko berriak dira Antton Aldekoa-Otalora, Pilare Baraiazarra, Jesus Eguzkitza, Juan Luis Goikoetxea, Lontzo Zugazaga, Luis Alberto Aranberri 'Amatiño', Itziar Idiazabal, Anjel Lertxundi, Xabier Mendiguren Bereziartu, Jose Antonio Mujika, Ramon Saizarbitoria, Josu Zabaleta, Manolo Arozena, Carlos Garaikoetxea, Maria Pilar Lasarte, Daniel Lopez, Rosa Miren Pagola, Pakita Zabaleta, Piarres Aintziart, Luzien Etxezaharreta, Daniel Landart, Mixel Oronoz, Marikita Tambourin, Bernhard Hurch, José Antonio Pascual eta José María Sánchez 'Txepetx'.
Urgazle berriak, aldiz, Libe Agirre; Eneko Barrutia, Eba Gaminde, Pedro Maria Goikoetxea, Nerea Mujika, Elixabete Piñol, Kike Amonarriz, Nerea Azurmendi, Asun Garikano, Aizpea Goenaga, Oroitz Jauregi, Jon Sarasua, Mixel Aurnague, Eneko Bidegain, Itxaro Borda, Pantxoa Etxegoin, Marie-Andrée Ouret, Manuel González eta Mikel Morris dira.
Euskaltzaindia, 1918an sortua, euskara zaintzen duen erakunde akademiko ofiziala da. Euskararen gramatika-legeak ikertu eta formulatzea, haren erabilera sustatzea eta hizkuntzaren eskubideak zaintzea, besteak beste, helburu duen erakundea da.