Euskal zinemagintza, aurten ere, Berlinale zinemaldiko merkatuan
Basque Audiovisual euskal zinemaren stand birtuala dago Cinema from Spain atariaren baitan, eta euskadiko profesional ugari parte hartzen ari dira topaketa profesionalean
Zurekin
Asteazkena, 3 martxoa 2021, 12:47
Euskal zinemaren nazioarteko proiekzioa hobetzeko egiten diren urrats guztiak ongi etorriak dira beti. Eta, helburu horrekin, euskal zinemagile ugari parte hartzen ari dira Berlinale jaialdiko merkatuan, astelehenetik ostiralera bitarte ospatzen ari dena. Europako zinema jaialdi nagusia bi zatitan gauzatuko da aurten: Berlinale Co-Production Market, Berlinale Talents eta World Cinema Fund egitasmoak burutuko dira aste honetan, eta ekainean, aretoetan eta aire zabalean egingo dira proiekzioak.
Etxepare Euskal Institututik nabarmendu dutenez, Basque Audiovisual euskal zinemaren stand birtuala dago Berlinaleko merkatuan, Cinema from Spain atariaren baitan, nazioarteko eragileei azaltzeko zer nolako pizgarri fiskal eta laguntza sistemak dauden euskal lurraldean, baita nazioarteko industriaren zerbitzura dauden tresnen eta elkarteen berri emateko ere.
Era berean, Euskadiko profesional ugari parte hartzen ari dira topaketa profesionalean, besteak beste, Miren Aperribay (Atera Films), Ainhoa Andraka (Doxa Producciones), Nicos Beatty (Soul Pictures), Liliana Braco (Soul Pictures), Rafael Marín (Soul Pictures), Eduardo Carneros (Euskadi Movie AIE), Unai Fernández (Barton Films), Iker Ganuza (Lamia Producciones), Naiara Martínez de Marigorta (Expressive Media), Izaskun Pérez (Expressive Media), Maru Solores (Lumiere Ekoizpenak), Alberto Sota (Pantoma Films) eta Julieta Juncadella (Vitrine Filmes).
Zineuskadiko eta Europa Creativa MEDIA Euskadi bulegoko ordezkariak ere hurbildu dira hitzordura, baita Donostia Zinemaldiko, Zinebiko, Zinegoak-eko, Gaztefilm-eko eta Tabakalerako kideak ere.