https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal rock musikaren 'Sua' eta 'Garra'

Euskal rock musikaren 'Sua' eta 'Garra'

Eibarko musika bandak 30 urte baino gehiago daramatza oholtza gainean, eta uda honetan beste hiru kontzertu eskainiko ditu

UNAI SARRIUGARTE

Su Ta Gar rock eta heavy metal musika taldea 1987. urtean jaio zen Eibarren, eta, 32 urte oholtza gainean ibili ondoren, oraindik ere Euskal Herrian zehar erritmoz betetako kontzertuak eskaintzen jarraitzen du. Ohikoa da euren abestien bertsioak egiten dituzten taldeekin topo egitea edozein herriko jaietan, baina 'Suta' zaleek jakin behar dute uda honetan Aitor Gorosabel, Asier Osoro, Xabier Bastida eta Borxa Arrillaga musikariek sortutako taldearen hiru kontzertuez gozatzeko aukera izango dutela.

2019. urteari ere gogor ekin dio Su Ta Garrek. Aurten, dagoeneko 8 kontzertu eskaini izan dituzte eibartarrek, eta, orain, uztailaren 21ean, Errenteriako madalenetan ikusi ahalko ditugu. Egun batzuk beranduago, uztailaren 27an, Mendaroko herriko enparantzan eskainiko dute kontzertua eta abuztuaren 2an, Gasteizko Aste Nagusian.

Esan bezala, Su Ta Garrek bere 30. urteurrena ospatu zuen pasa den urtean, euskal lurraldean bira berezi bat eskainiz. Sei izan ziren orduan eman zituzten kontzertuak: Azaroaren 9an, Atarrabian (Totem); azaroaren 24an Durangon (Plateruena); abenduaren 1ean Donostian (Intxaurrondo KE); abenduaren 15ean Biarritzen (Atabal); abenduaren 22an Gasteizen (Jimmy Jazz) eta abenduaren 28an, Bilbon (Santana 27). Arrakasta handiko boloak izan ziren horiek guztiak.

Hala ere, taldearen hastapenetara bueltatzen bagara, esan behar dugu Su Ta Garren lehenengo kontzertua 1988ko abuztuaren 14an izan zela Ondarroako gaztetxean eta euren lehendabiziko maketaren grabaketa eibartarren kontura izan zela. Maketa horrek arrakasta itzela izan zuen euskal lurraldean, eta, hortaz, bigarren proiektua grabatzeari buru belarri ekin zioten.

Bigarren lan horrekin Euskadi Gazteako lehenengo maketa lehiaketa irabazi zuten. Eta horri esker lehengo diskoa kaleratzeko aukera planteatu zitzaien: 'Jaiotze Basatia' (Zarata, 1991). Album hau Euskal Herrian gaindi, Austrian, Suitzan eta Alemanian aurkeztu zuten.

Bira Europan zehar EH Sukarrarekin

Hurrengo urtean, berriz, Eibarko laukoteak Esan Ozenki diskoetxea hautatu zuen bigarren diskoa plazaratzeko. 'Hortzak estuturik' heavy, thrash eta metal estiloak uztartzen zituen. Disko horrekin taldea gero eta ospetsuagoa egin zen eta 1993. urtean bira bat burutu zuten Europan zehar EH Sukarra taldearekin.

Sei urte beranduago, 1999. urtean, 'Homo Sapiens' diskoa plazaratu zuten. Euren ibildideko seigarren diskoa zen eta ospe itzela lortu zuten berarekin. Adituen arabera, lehenengo diskoetako freskotasuna berreskuratu zuten bertan , thrash metalarekin nahastuta baina 'Agur Jauna gizon txuriari' diskoan baino pixka bat azkarrago eta melodikoagoa. Zaletu askorentzat Su Ta Gar taldearen ibilbideko lan hoberena da. Era berean, 2001eko apirilean atera zuten 'Jo Ta Ke' lana ere oso disko arrakastatsua izan zen.

Egun euskal musikaren arloan taldeak klasiko eta eredugarri bat izaten jarraitzen du. Euskaraz egindako rock gogorraren eta heavy metalaren aitzindariak dira Gorosabel eta gainontzeko taldekideak eta aipatzekoa da haien urratsei jarraituz hainbat talde sortu izan direla, hala nola, Latzen, Berri Txarrak, Eraso edota Idi Bihotz. Gauzak horrela, ez ezazue pentsa eta anima zaitezte uda honetan Euskal Herrian eskainiko dituzten kontzertuez gozatzera.