Euskal ekoizpenek Basque Audiovisual markarekin esku hartu dute Berlinale Zinema Jaialdian
Hala, 70 euskal produkzio baino gehiago egon dira ikusgai Alemaniako hiriburuan
UNAI SARRIUGARTE
Larunbata, 7 martxoa 2020, 00:07
Euskal ekoizpenek Berlinale Zinema Jaialdian esku hartu dute azken egunotan Basque Audiovisual markarekin. Hala, 70 euskal ekoizpenetatik gora egon dira ikusgai Alemaniako hiriburuan. Era berean, hainbat ekoizlek nazioarteko beste zenbait eragilerekin batera, negozio ezberdinak lantzen ibili dira. Orotara 65 herrialdetako ekoizleen topagunea izan da Berlinale. 5.000 profesional baino gehiago bildu dira guztira.
Basque Audiovisual marka Eusko Jaurlaritzaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Eiken Clusterren arteko lankidetzaren ondorioa da. Ekimen honek euskal ikus-entzunezko ekosistema ezagutzera ematea eta zine sektorearen profesionalei nazioartekotzea ahalbidetzen duten tresnak eskaintzea du xede.
Aurten, Berlinalen Basque Audiovisual markarekin 48 ekoiztetxek egin dute bat, eta, guztira, 74 lan bildu dituzte katalogoan, hala nola, Asier Altuna, Paul Urkijo, Iratxe Fresneda edota Juanma Bajo Ulloaren lan berriak. Dena den, euskal zinemaren industriak inoizko ordezkaritzarik handiena izan duen arren, aurten Berlinalen ez dute euskarazko ekoizpenik eskaini.
Basque Audiovisualen formatu aldaketa nabarmena izan da. Izan ere, lehen dokumentalak izaten ziren nagusi, eta, gaur egun, aldiz, ekoizpenak unibertsalagoak dira, nazioarteko edozein herrialdetako ikus-entzuleekin konektatzeko modukoak. 'La trinchera infinita', 'El hoyo', 'Errementari' edota 'Another Day of Live' ekoizpenak, esaterako.
Basque Audiovisual euskal ikus-entzunezkoen sektore osoa ordezkatzen duen marka da. Sektoreko konpainia askok borondate irmoz eta gogotik egindako lanaren emaitza, eta euskal ekoizpenen ordezkari izango da munduan barrena aurrerantzean. Era berean, euskal ikus-entzunezkoen indarrak batzeko plataforma da, sektore horren ekoizpen-jardueraren ardatza koprodukzioa baita; hortaz, gero eta presentzia handiagoa izan nahi du mundu zabaleko ikus-entzunezko fororik esanguratsuenetan.