Etorkizunerako prest
Alderdi Eguna ospatu zuen EAJk atzo Forondan, bere mezu politikoa kide eta zaleen artean zabaldu eta jai giroaz gozatzeko. Jeltzaleek elkarrizketara deitu zituzten gainerako eragileak baina argi utzi zuten ez dutela inoren betorik ez atzerapausorik onartuko
Gehiengo soziala ordezkatzeko ondo ezagutu behar da norbere gizartea, norantz joan nahi duen eta zein abiadan. Alde horretatik, EAJk frogatua du ezin hobeto dakiela zer daukan atzetik eta zeintzuk diren aldarrikapen nagusiak eta horiek gauzatzeko erritmoak. Badira bultzadaka ari direnak edo balazta gisa ekiten diotenak, baita zehazgabeak ere. Horien aurrean, jeltzaleak ardatz izan dira aspalditik. Bai Errepublikaren garaian, Jose Antonio Aguirre lehendakaria buru zela, zein ostean. Ia sorreratik izan dira erabakigarri, ordutik jakin dute euskal herritar askoren gurariekin bat egin eta horiek gauzatzeko bitarteko izaten. Alderdi Eguna bat egite horren urteroko isla da, milaka lagun batzekoa eta konpromisoak berrestekoa, ibilbide luze bati koherentziaz erantzutekoa, lehendakaritzatik eta Euzkadi Buru Batzarretik erronkak eta lehentasunak aletzekoa, norabideak zehaztekoa. Hori da atzo Forondan beste behin egindakoa, etorkizuna lantzeko prest daudela adierazi eta gizarte trinko eta elkartasunezkoaren aldeko deiadarra zabaltzea.
Harreman zuzeneko Forondako giroak asko dio EAJz. Kideek eta zaleek aurrez aurre izaten dituzte alderdiko eta Jaurlaritzako buruak. Komunikazioa iragazkirik gabekoa da, ez dago politikan hain ohikoa den distantziarik, ez dago harreman bertikalik. Milaka eta milaka lagun biltzen dira bertan iraileko azken igandean, entzuteko eta entzunak izateko, jasotzeko eta emateko, militantzia mamiz betetzeko. Barne demokraziaz hainbeste hitz egiten den sasoion, jeltzaleen eredua beti izan da bitxia, beti lehenetsi duelako gertutasuna, ordezkari eta ordezkatuen arteko lotura estua. Horrek eman dio barne indarra alderdiari, eta gerizpe zabala euskal gizartean. Han-hemenka agintean dauden alderdi gehienek populismoen higadura jasaten duten honetan, mezu politikoen edukiak barik horiek sinplifikatzeak eta eslogan huts bihurtzeak gehiengoak ematen dituenean, jeltzaleek hor diraute, salbuespen bezala, indartsu, herrialde txiki baina konplexu bati egonkortasuna eta ziurtasuna eskaintzen.
Momentu politikoa oso garrantzitsua da, noizbehinkako horietakoa. 1979ko Gernikako Estatutuak aurretiaz amestu gabeko autogobernua eta lorpenak eman dizkie euskal herritarrei, oraindik guztiz bete gabe dagoen arren. ETAren aro odoltsu eta jazarpenezko luzearen ostean, bestelako aukerak zabaldu dira adostasun berrietarako, ordukoak anitzago egiteko, osatzeko. Eta horretan dihardute eragile politikoek Eusko Legebiltzarrean: egungora egokitutako estatusa lantzen, XXI. mende hasierako euskal gizartearen eskaerei erantzuten. Ez da erraza, jakina. Bertoko aniztasuna aberatsa bezain kudeatzeko zaila delako, ahots eta borondate ugari batzea eskatzen duelako. Eta prozesu horren buru izatea dagokio EAJri, alderdi nagusi legez. Ez da ardura makala, ez delako edozer jokoan dagoena. Alderdi Egunean beste behin berretsi da bide orria badagoela, aniztasunaren aldeko apustua ezin sendoagoa dela. Euskal gizartearen borondatearen orratza non dagoen asmatzea da gakoa, horri jarraitzeko gai izatea, baina muturretako betorik gabe, neurria eta anbizioa zorrotz uztartzen jakinda.
Urkullu lehendakariak hari horri tiraka jardun zuen bere hitzaldian. Estatutua betetzea lehentasuna dela adierazi zuen, eta oraindik «Espainiako Gobernuak konpondu gabe daukan arazoa» dela gogora ekarri. Hortik abiatuta, aurrera begirako adostasuna ahalbidetzeko alderdi bakoitzak zer eskaintzeko prest dagoen jakinarazi behar duela esan zuen buruzagiak. «Baina ez da hori egiten dutena. Hitz jokoetan babesten dira, marra gorriak edo betoak jarri eta dibortzio edo batasun hautsezinak ezartzen dizkigute. Gure gain zein sakrifizio pertsonal hartzeko prest egongo ginatekeen galdetzen digunik ere badago», jakinarazi zien Alderdi Egunean bildutako milaka eta milaka lagunei.
Hortik jota, «euskal errealitate nazionala» aitortzeko galdegin zuen Urkulluk, eskubide historikoak «botere konstituziogile» gisa hartzea. Hala, benetako aldebikotasunaren eta hitzartutakoa betearazteko berme sistema baten alde agertu zen: «batzuen maximalismoei, besteen manikeismoei eta inmobilismoari egin beharko diegu aurre. Urratsez urrats ekingo diogu. Gure historiari, eraikuntza sozialari eta nazionalari jarraituko diegu herri gisa aurrera egiteko», adierazi zuen. Bere berbetan, euskal herritarrek «egitatezko ibilbide historikoa» dute, eta lanean aritu dira «fantasietan galdu gabe, ilargiari tentelduta begiratu barik». «Modu positiboan eraiki dugu —erantsi zuen lehendakariak—, pausuz pausu, norbere buruarekiko konplazentziarik eta konformismorik gabe. Norabidearekin, zorroztasunez eta erabakimenez jo dugu aurrera».
EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek, aldiz, «pazientzia agortzen ari» zaiola ohartarazi zion Gobernuko presidente Pedro Sánchezi, eta «hitz politetatik egitateen iragarpenera igarotzeko» eskatu. «Etsigarri» iritzi zion Espainiako egoera politikoari, eta gainerako eragileen arteko «labankadak» kezkaz eta haserrez hartzen dituela gaineratu zuen. Bere berbetan, eskuinarengandik ezin da «ezer onik» espero, eta egungo exekutibo sozialistari zera nabarmendu zion: «gobernatzea adierazpenak egitea baino zerbait gehiago da. Gauzak egitea da, konpromisoak betetzea, arazoei ausardiaz aurre egitea. Eta hori eskatzen diegu Euskadirentzat. Bete dezatela berehala. Denbora aurrera doa eta pazientzia amaitzen ari da».
Azkenik, ukatu egin zuen estatus berriaren aurrean EAJn zatiketarik dagoenik. Jeltzaleen lehentasuna «ahalik eta autogobernurik handi eta onena lortzea» dela azaldu zuen, eta horretarako euskal alderdien arteko akordio politikorik zabalena eta Estatu espainiarrarekin eta Europako Batasunarekin ituna nahi dutela. «Arretaz irakurri eta interpretatuko dugu proposatzen zaigun guztia; baina atzamarraz seinalatuko dugu euskal hiritargoak behar duen autogobernu horri begirako bidean trabak jartzen edo betoak ezartzen dabilena», azpimarratu zuen.
Buruzagitza jeltzalearen mezuak argiak izan ziren atzo, barrura zein gizarte osoari begirakoak. Prest daude adostasun anitz eta zeharkakoetarako, baina ez diote inori onartuko gutxiengotik ezer inposatu nahi izatea. Urkulluk, Ortuzarrek eta Alderdi Egunean agintarien artean jezarritako guztiek erakutsia dute gogo eta borondateak batzeko praxia. Lurralde eta erakunde guztietan, errealitate sozialari aldioro erreparatuta. Inork ezin die aurkakorik aurpegiratu. Denen ariketa beretsutik etorriko dira akordioak.