https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nor eskumakoago

Gero eta nabarmenagoa da PP, Ciudadanos eta, beste maila batean, Vox-en arteko lehia ñabardurarik gabeko eskumako botoak jasotzeko. Horientzat, Pedro Sánchez presidente izendatzeko zentsura mozioa babestu zutenak dira arrisku eta zorigaitz guztien iturburu

Vox alderdiaren mitin bat./EFE
Vox alderdiaren mitin bat. / EFE
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Pablo Casadok daborduko ez du ezkutatzen azken garaiko José María Aznarren oinordeko izan nahi duela. Gobernuko presidente ohiak bi sasoi oso ezberdin izan zituelako. Lehenengoan 'zentro erreformista' aldarrikatzen zuen, Katalunia eta Euskadiko abertzaleekin moldatzeko gai zen eta, halako batean, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu iritzi zion ETAren izugarrikeriak babesten zituen horri. 2000. urteko gehiengo osoak eraldatu zuen, edo betidanik barruan zeramana azaleratu. Azoreetako argazkia da bigarren aldiko sinbolo nagusia, kontserbadore sutsu legez politikan edo horren ertzean jardun duenekoa.

Besteak beste Gürtel auziaren epaietako baten ondoriozko zentsura mozioak ekainaren 1ean Mariano Rajoy akabatu zuenean agerian geratu ziren PP barruko joerak eta zauriak. Aznarren atzamarrak aukeratu zuen bere ostekoa eta popularren presidente berriak horri jarraitu zion hasieran. Izan ere, lidergorako lehenaren gaitasunak bigarrenaren gristasunaren tamainakoa ematen zuen. Zuzeneko zaintza eta kontrol horren eraginez oso gogorra izan zen Zapateroren lehen legealdia, 2004ko martxoaren 11ko atentatu ikaragarrien atzean PPk mota guztietako konspirazioak antzeman eta salatu zituelako tarte hartan. Aznarren gizonez inguratuta ekin zion zuzendaritzan Rajoyk, lau urte beranduagoko hauteskunde orokorretako hondamendira arte.

Ordutik aurrera jo zuen zentrorago galiziarrak, bere taldea osatuz, bere lehentasunak aukeratuz. Krisiak eraman zuen Zapatero 2011n, eta ordutik zentsura moziora arte Rajoyk oro har ildo epel horri eutsi dio. Casadok Sáenz de Santamaría garaitu izanak —alderdiaren biltzarreko delegatuen artean, ez militanteen zuzeneko hautaketan— eskumarago jotzeko nolabaiteko gogoa adierazi zuen. Aurreko egitura desegiten dabil oraindik buruzagi berria, barruko neurriren bateko oposizioak nabarmentzeko aukerarik izan ez dezan. Primarioetan erdibidean-edo agertu zen Casado, Aznarrekin zein Rajoyrekin lankidetzan aritutakoa zela azpimarratuta, baina irabazi eta gero ez du zalantzarik izan lehenarekin behin eta berriz lerrotzeko.

Sánchez presidentea 'Kataluniako estatu kolpearen' erantzule dela asteon esan izanak erakusten du zein den bere estrategia, zer nolakoak darabiltzan aurkari politikoa higatzen saiatzeko. Espainia ahalik eta homogeneoena aldarrikatzen du eta horrek muturrean kokatzen du ezinbestean. Barregarri geratzeraino saiatu da adierazpen hotsandikoak egiten, eta euskara Nafarroan arrotza dela esan zuenekoa da lotsagarrienetakoa, ezjakintasun borobilenekoa. Europan Viktor Orban zuritzen saiatu izanak asko dio Casadori buruz, bere agendaren eta aliatuen inguruan, dituen ardatzei dagokienez.

Rajoy erori arte Albert Riverak ematen zuen eskuin espainolista ordezkatzeko hautagai nagusia. Jatorrian Ciutadans zena alderdi sozialdemokrata legez sortu zen, zentro-ezkerreko jakobinismoa gorpuzteko. Geroztik, baina, liberalen aldera egin du jauzi espreski, eta Espainiaren batasuna goiburu eta helburu nagusitzat hartuta dabil. Egur politikoa du errezeta bakar Kataluniarentzat, eta askotan ez dirudi beste ezertan bereizterik duenik, bere nortasuna nazionalismoen aurkako liskarrak zehazten duelako ia osorik. Berea ere nazionalismoa da, dena den: estatu egitura duen batetik ez dutenei zorrotz aurre egitekoa.

Rajoyren azkenetan Ciudadanos arnasaz bete ibili zen. Katalunian 155. artikulua indarrean jarri arren gobernuburuak ez ei zuelako nahikoa gogortasunik erakutsi, independentziazaleei ez zielako nahikoa oldarkor aurre egin. Batzuen eta besteen arteko talkak zeharkakotasunaren aldekoei egin zien kalte batik bat, eta baita irmotasuna muturrera eraman gura ez zutenei ere. Guzti horretatik elikatu da Albert Rivera luzaroan, subiranistei lehen lerrotik kontrajartzetik, egungo lurralde egitura autonomikoa bera ere gehiegizkotzat hartzetik. Casado PPko buru izateak, aldiz, ezinbestean aldatu du lekuz alderdi laranja. Ez mugitu delako, gogortasunaren esparru horretan lehiakide sutsu berriak dituelako eta horrek bozemaileen pertzepzio aldaketa eragin dezakeelako baizik.

Giro horretan ari da indartzen Vox, inkesten arabera. Behin autonomien eredua alderdi handiren baten aldetik zalantzan jartzen hasita beti daudelako horiek guztiz desagertaraztearen aldekoak, zentralismorik latzena gogokoago dutenak. Espainiaren zatiketa eta halakoak baliatzen dira neurrigabeko alarmismoz, baita PP eta Ciudadanosen aldetik ere. Eta hori ez doa oharkabean. Tentsio hori ez da besterik gabe lurruntzen. Areago migratzaileen fenomenoa albistegietan etengabe agertu eta Europa osoan gero eta gehiago arrisku modura irudikatzen dutenean. Horiekin, identitatea barrura zein kanpora begira astintzekoekin, eskuin muturrean ari direnek badituzte hazteko oinarrizko osagaiak.

Sistema politiko demokratikoek buruzagi arduratsuak behar dituzte. Bestea ere aintzat hartzetik arazoak bideratu nahi dituztenak. Gizartearen ikuspegi integratzailea dutenak. Eta, aldi berean, hiritartasunari ezinbestean datxekio halako erantzukizun zibiko bat, elkartasunaren edo-ta gizatasunaren gisakoak lehenestekoa. Arazo konplexuei ezin zaizkie erantzun sinpleak eman, inorena zeharo urratzen dutenak. Eta hauetako gordin-gordinak dira azkenaldiko hainbat predikatzailek arrakastaz zabaldutakoak.

Ukazioak ez du Espainiaren maila guztietako aniztasuna desagerraraziko. Baina honen inguruan bizikidetzazko sistema bat eraikitzeko azken hamarkadetako ahalegina arriskuan dago gaur egun. Eta horretan badute ardura zuzena gero eta zurrunago dihardutenek, hainbat lorpen kolokan jarri gura dituztenek. Esentziei begirako lasterketa antzua da, alde horretatik. Eta erabat kaltegarria hainbat orekari eutsi gura bazaie. Gehien-gehienak izan dira autonomiarik gabeko aldiak, ukaziozkoak. Eta ez zuten deus konpondu, zitaldu baizik.

Casadoren eskuineko populismoa bereziki da kezkatzekoa, egungo Gobernuaren alternatiba nagusia delako. Bozemaileek epeldu beharko dute PP, oinarrizko egonkortasunaren onerako, gehiegikeria uxatzeko. Trump, Orban edo Salviniren zipriztinek gatazka besterik ez dakartelako. Iraganetik ikasita baino ez da mehatxu hori errotik saihestuko.