Esanaren zuzentasuna: Sharon Olds poeta
Metafora erabiltzen ez duen poeta honen munduan, zuzentasuna maite dut
Uste dut Sharon Olds poeta estatubatuarra (San Frantzisko, 1942) irakurtzeko gomendioa adiskide batek egin zidala. Bera ere poeta da, nahiz eta geroago eta gehiago gozatzen duen irakurketaz, eta ez hainbeste idazketaz. Lagunak egin zidan mesedea egin nahi nieke orrialde hau irakurtzeko pazientzia duten guztiei, berak eman zidan aholkua zabaldu nahi nuke hemendik: «Irakurri Sharon Olds poetaren lana».
Sharon Olds San Frantziskon jaio zen, baina Berkeleyn hazi zen familia oso erlijioso eta estuaren barnean. Aitaren presentzia gogorra izan zen, eta bere lehen poemetatik hark sorturiko beldurra izan zen sorkuntzaren motorrik zuzenen eta indartsuena. 2013an, 'Oreinaren jauzia' poema liburuagatik (2012) jaso zuen Pulitzer Saria.
Nire harridurarako, liburu hori ikusi dut aipaturik El País egunkariak egin duen XXI. mendeko 100 liburu garrantzitsuenen artean, bide batez esanda, Arambururen 'Patria' salduenetik ez hain urruti. Gaztelaniazko itzulpena Jon Margarit poeta handiak, eta adiskideak, egin du, eta, bertan, bat-bateko dibortzio baten ondoren sentitutakoa hartu du langai Sharon Olds-ek.
Ez da hori gaur aipatu nahi nukeen liburua. Nire adiskideak beste lan bat aipatu eta haren pistan jarri ninduen. 'La célula de oro' (Urrezko zelula / 'The Gold Cell') zen adiskideak aipaturikoa, Óscar Curiesesek itzulia eta Bartleby Editoresek argitara emana.
Sharon Olds-en lanean sarbidea egiteko ate ikusgarria iruditu zait. Bere lanez idatzi duten guztiek aipatu dute poetarentzat oso kritikagarria dela Mendebaldeko familia instituzioa, batez ere haurtzaroan jazo behar izan zituen bortizkeriaren kausaz, bizi izan zuen familia giroak gogor astindu baitzuen, eta bere lehen poema liburuan, 'Satan Says'en (Satanek dio/ Satán dice), garratz eta gordin landu zuen. Ondoren baina, eta esku artean dugun honetan nabarmenago, Sharon Olds-en esaera modua leundu egin da, eta mina orekatuago ageri da.
'La célula de oro' familiaren eratzeari eta norberaren izaerari buruzko liburua da. Garratza, bortizkeria salatu behar duenean. 'La niña' ('The girl') poeman bortxaketa bat deskribatzen du, eta irakurlearen sentimenen mundua hotzikaraz bete. Baina lehen atal ilun baten ondoren, liburuak joera autobiografikoa hartzen du eta hor agertzen dira gure irakurle-begien aurrean bere gurasoak, etorkizun osoa aurrean dutela, poeta jaio aurretik, eta jakin gabe nolakoa izango den datorkiena, gauzatzen denerako. Haurtzaro eta nerabezaro gogorra deskribatzeko, ordea, ez du zalantzarik Sharon Olds-ek, baina pixkanaka leuntzen doa bere idazkera. Eta berandu bada ere, barkameneko begirada bidaltzen dio amari eta batez ere, oso urrun ikusi duen aitari.
Argia da poeta besteekiko ulermenaz hitz egin behar duenean. Bere bizitzaz hitz egiterakoan, oso zuzen adierazi ditu barne-barnekoak diren gaiak: sexualitatearen agerpena, lehen maitalea, lehen harreman sexuala, lehen maitasuna… Poema horietan Sharon Olds-ek ironiaz gain edertasunaren izpiak jarri ditu orrian. Laugarren atalean, bere haurren bizitza hartzen du ardatz. Liburuan, bada, biografia osoa hartu da kontuan, gurasoengandik hasi eta norbera ama bihurtu arteko bizitza aldia.
Aitortu beharko nuke ingelesez idatzitako poesian nagusi den Sharon Olds-ek erabiltzen duen deskribapen joera ez dudala atsegin. Hotza iruditzen zait. Beti irudikatu dut poeten jarrera honela: «Hor dago objektu poetikoa eta hartaz arituko naiz». Baina metafora erabiltzen ez duen poeta honen munduan, zuzentasuna maite dut, horrek harrapatu nau. Esateko modu zuzena, bere poesia erradikalaren oinarririk garbiena.