Borrar
La Lotería Nacional de hoy sábado: comprobar resultados del 6 de diciembre
Emmy Hennings.

Emmy Hennings: Dada mugimenduaren aingerua

Larunbata, 30 martxoa 2019, 00:29

Comenta

Noiz edo noiz, eta batek jakin gabe nola, literaturaren historian gorderik eta ahazturik zegoen pertsona eta egile miresgarriren batekin egiten du topo irakurle honek. Horrela gertatu zait orain gutxi. Ez nuen inondik ere aldez aurretik ezagutzen Emmy Hennings (Flensburg, Alemania, 1885- Lugano, 1948), eta senarraren abizena gehituz Emmy Ball-Hennings gisa ezaguna, Cabaret Voltaire bilera tokiaren sortzaile eta fundatzailea, zeina Dada mugimenduaren sehaska izan baitzen Zurichen.

Fernando González Viñas idazlearen eta itzultzailearen eskutik ezagutu ditut emakume berezi horren bizitza eta lana, gizartea aldatzeko haren ametsa eta haren duintasun argia. González Viñasek lan bi eman ditu argitara idazlearen bizitza ezagutzera emateko. 2018an, Emmy Henningsen 'Cárcel' nobela itzuli zuen alemanetik gaztelaniara. Liburuan idazlearen poema liburuen antologia bat eskaini zuen eta Henningsen argazki albuma, haren berri osoa emateko asmoz. Nobela berezia, arraroa izan zen argitaratu zen garairako. Hotza, sentimentalismo gabea, existentzialistatzat jo zuten argitaratu bezain pronto. Poemek badute espresionismoaren zantzua, eta modernitatez jantzita datoz. 'Azken poza' jarri zion izenburua Emmy Henningsek bere poema liburuari, nahiz eta lehen momentuan 'Eterraren ahapaldiak' jarri.

Gainera, González Viñasek Emmy Henningsen biografia komiki bihurtua eman zuen argitara arrakasta handiz, 'El ángel Dadá' izenburupean. Maisu lan gisa onartua izan den liburu horretan, González Viñasen gidoiak José Lázaroren laguntza artistikoa izan zuen. Komikia ikusi dudanean, gogora etorri zaizkit bai Zapicoren 'Dublinés' komiki ezaguna eta bai Arestiren bizitzaz Adur Larreak ondutako 'Gabriel Aresti Biografikoa'.

Protagonistaren bizitza lerro zuzenean eta argian azaldu dute egile biek. Bai bizitza ikusgarria Emmy Henningsena, bene-benetan! Gazte gazterik hasi zen, bere amaren iritziaren aurka teatro munduan aktore, lan hori oso gaizki ikusia zenean. Gazte ezkondurik, urte gutxitan galdu zuen seme bakarra, eta senarrak ihesari eman zion. Ondoren zingaroen bizitza probatu zuen norabiderik gabe bideetan galdurik. Alaba txikiarekin itzuli zen etxera. Baina laster hasi zuen oso bizitza berezia non prostituzioa eta morfina biak probatu zituen. Eta ondorioz, kartzela, berarekin oheratu zen gizon bati dirua lapurtu ziolako. 1919an argitaratu zuen 'Kartzela' nobela autobiografikoa, garaian nagusia zen estilo barrokotik urrunduz, eta bere esperientzia era zuzen gogor batean kontatuz.

Artistekin biltzen den unean aldatu zen bere patua. Vassili Kandinsky eta Franz Marc pintoreak ezagutu zituenean, poetak eta idazleak ahaztu eta pintoreen modelo eta musa bihurtu zen. Baina 1914an, eta «Soilik maitasuna da bizitza» lelopean, bere poema liburua besapean duela, Hugo Ball jauna ezagutu zuen; une hartatik aurrera elkarrekin eraman zituzten abentura kulturalak. Lehen Mundu Gerra abian da, eta Suitzara joatea pentsatu zuten. Zurichen 1916ko otsailaren 5ean (otsailaren 5ean ari naiz neu ere artikulu hau idazten) zabaldu zuten Cabaret Voltaire. Eta mila itzuli emana zen Emmy Henningsek etorkizunaren itzala ezagutu zuen orduan. Tzara izan zen lehena ikusten eta ulertzen Cabaret Voltairen mundu berriaren espresioa ageri zela: gerraren aurka, mundu berriaren alde. Tzara, Emmy Hennings, Hugo Ball.

Oso berandu izan dut Emmy Henningsen berri. Eta haren bizitzak eta haren idazkerak eraman nau haren lana irakurtzera. Historian galdurik geratu zen emakume baten indarrak eman zion argia Dada mugimenduari, eta gaur hona ekartzeak oroimenaren indarraren berri eman digu.

Emmy Hennings hil zenean, bere hilobira ez zen dadista bakar bat ere hurbildu. Ahaztura, baina, min handia da. Eta egunotan Emmy Henningsen lana dut irakurgai eta pentsabide.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Emmy Hennings: Dada mugimenduaren aingerua

Emmy Hennings: Dada mugimenduaren aingerua