https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Emakumea izateaz

Emakumea izateaz

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Amatasunaren gaian oinarrituta, Ione Gorostarzuk emakumearen paperaz hausnartzen du 'Ez da erditzea' izenburuko poema liburu honetan. Ez dakit poesiaren alorrean paradigma aldaketa baten aurrean gauden, baina susmoa dut horixe gertatzen ari dela. Azken urte hauetan plazaratzen diren liburu askotan subjektu poetikoa agertzen zaigu erdigunean, bere nitasuna (azken finean idazlearen figurarekin pareka daitekeen nitasuna) hanpatua agertzen delarik. Poesiak, elaborazio erretoriko-poetikoak alde batera utzita, aitortza pertsonalen itxura hartzen du, non norberaren burua adieraztea garrantzitsuena den. Komunikazio poesia da. Sentimenduak edota ideiak plazaratzen dira, eta gehienbat sentimendu edo ideia horiek komunikatzean datza poesia. Joera hau gero eta zabalagoa da, eta iruditzen zait oraindik sistema poetikoaren erdigunean ez badago ere, nahiko hurbil dagoela. Ione Gorostarzuren poesia puntu horretan kokatzen dela iruditzen zait. Beraz, berak zabaldu nahi duen mezuak hartzen du garrantzirik handiena.

Ez da erditzea

Olerkiak Egilea:
Ione Gorostarzu.
Argitaletxea:
Elkar Donostia, 2019-80 orr. 13,00 euro

Gaiaren aldetik, liburu honen oinarria amatasuna da. Eta hortik abiatuta, beste hainbat gai aipatzen dira: maitasuna, gorputza, sentimendu kontrajarriak, amarekiko erlazioak… honelako gaiak azaltzen dira bata bestearekin loturik, katebegiak bailiran. Gai hauetatik guztietatik garrantzitsuena, orokorrena baita eta, beraz, beste gai guztiak bere azpian biltzen dituena, emakumearen papera da. Emakumea, berez, izaki alienatu moduan agertzen zaigu. Bere izaera besteekin dituen harremanen arabera definitzen da, zeren emakumea beste baten ama (edota alaba, emaztea) baita eta beste horren presentziak zehazten eta mugatzen du bere izaera. Besteen arabera definituta agertzen delarik, sentimendu kontraesankorrak azaltzen zaizkio amatasuna edota maitasuna bezalako gaien aurrean. Eta besteen arabera bizitzeko joera horrek aurreko belaunaldietan gertatutakoa errepikatu egiten du, ia-ia ezinbesteko patua izango balitz bezala. Maitasunak justifika lezake egoera hau. Baina askotan maitasunak asmatutako aitzakia baino ez dirudi.

Gorostarzuk kontraesan hauek guztiak nabarmentzen ditu, poesia konstatazio bihurtzen delarik.

Temas

Euskera