51 emakume kongoarrek GKE desberdinetako langileen sexu-abusuak salatu dituzte
Salatutako Gobernuz Kanpoko Erakunde horien artean Osasunaren Mundu Erakundea, Oxfam, World Vision, Alima, Mugarik Gabeko Medikuak, Migrazioetarako Nazio Batuen Erakundea eta Unicef daude
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 30 iraila 2020, 19:35
Kongoko 51 emakumek Gobernuz Kanpoko Erakunde desberdinetako langileengandik indarkeria matxista sufritu dutela salatu dute. GKE horien artean Osasunaren Mundu Erakundea, Oxfam, World Vision, Alima, Mugarik Gabeko Medikuak, Migrazioetarako Nazio Batuen Erakundea eta Unicef daude. Erasoak, antza, 2018 eta 2020. urteen artean eman dira, eta ebolaren pandemiari aurre egiteko herrialde honetara bideratutako gizonezko langileak dira salatutakoak.
Datuak New Humanitarian agentziak eta Thomson Reuters Fundazioak egindako urte beteko ikerketa baten ondorio dira, eta, The Telegraph hedabide ospetsuan izan dira argitaratuak. Ustezko abusuen gehiengoa herrialdeko Beni hirian gertatu da, Ebolak Kongon gogorren jo duen esparruetako batean.
Zehazki, 31 salaketa Osasun Mundu Erakundearen langileen kontra ezarritakoak dira. Beste zortzi emakumezkok, aldiz, euren abusatzaileek Kongoko Osasun Ministerioan lan egiten zutela adierazi dute. Ezin izan dituzte gizonezko guztien jatorrizko herrialdeak adierazi, baina batzuk argi geratu dira: Kanada, Frantzia, Belgika, Burkina Faso, Boli Kosta edota Ginea, besteak beste.
Emakumeek salatu dutenez, GKEtako gizonezko langileek eurekin sexua izatea proposatzen zieten, eta baita hauetako askotan horretara behartu ere. Hala, ezezkoa ematen zietenean, lanpostuetatik bota egiten zituzten. Emakumezko horien gehiengoa sukaldariak edota garbitzaileak ziren, kontratu laburrak zituztenak eta gehienez hilabetean 50-100 dolar irabazten zituztenak.
Hala, Gobernuz Kanpoko Erakunde horietan lan egiten zuten gizonezkoak mediku, administratzaile edota osasun-langileak ziren. Ustezko abusu horiek exekutatzeko gizonek txofer ofizial batzuen laguntza izaten zuten, emakumezkoak etxe, bulego edota hoteletara lekualdatzeko. Azterketa honetan lau txoferren adierazpenak bildu dira.