Durangoko Azokara zure proposamenak bidaltzeko aukera, astelehenetik aurrera
Euskal liburu eta disko azokako guneetan aurkezpenak, tailerrak eta solasaldiak antolatu nahi dituztenek urriaren 7ra arteko epea izango dute
Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra bitartean ospatuko da, eta Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetan mota ezberdinetako aurkezpenak, tailerrak, solasaldiak, musika emanaldiak, antzezpenak eta proiekzioak antolatuko dira. Bada, euskal liburu eta disko azokaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, interesa duten sortzaile, argitaletxe eta disketxeek egitaraua osatzeko proposamenak egin ahalko dituzte astelehenetik, irailaren 16tik, aurrera. Horretarako, durangokoazoka.eus webgunean izen-emateen atalean erregistratu beharko dute ekarpena.
«Ahotsenea gunearen kasuan, orain arteko hautaketa prozesua moldatu egingo da aurten. Proposamenak heltzeko ordena ez da arau izango, eta epearen barruan aurkeztuko diren eskari guztiak baloratuko dira. Gero, antolakuntzaren irizpideen arabera galbahea eginda esleituko da lekua, gainerako guneetan bezala», esan dute.
Guneei dagokienez, Ahotsenean 2024an argitaratutako liburu eta diskoek izango dute lekua; Irudienean aurten ekoitzitako ikus-entzunezkoek; Kabian teknologia berriek; Saguganbaran haurrei zuzendutako literatura eta musikak; Szenatokian dantza eta antzerki pieza laburrek; Talaian literaturaz aparteko lanek, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak.
Gainera, Durangoko Arte eta Historia Museoan eta Bizenta Mogel Bibliotekan ere antolatuko dira ekintzak azoka egunetan.
Liburu eta diskoen azalak berregiten
Bestalde, Azokaren lehen egunean garatuko da Ikasle Goiza, eta bertaratu nahi duten ikastetxeek ere izena eman ahal izango dute webgunean astelehenetik aurrera. «Azoka bisitatzeaz aparte, tailerretan parte hartu ahal izango dute ikasleek zein irakasleek. Horrela, kultur sorkuntza ezagutu bakarrik ez, esperimentatu ere egingo dute», azpimarratu dute. Dena den, nahiz eta goiz horretako egitaraua ikasle eta irakasleei zuzendurik egongo den, Landako Guneko ateak publiko orokorrarentzat zabalik egongo dira.
Azoka aurretik, aurten ere martxan egongo da PortaDA erronka, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Erronka euskaraz argitaratutako liburu eta diskoen azalak berregitea izango da. Eta ikastetxe onenentzat saria egongo da: Musika eskoletan programako saio bat. Azaroaren 29a baino lehen bidali beharko dituzte irudiak, ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora.