Covid-19ak arriskuan jarri du 2030ean gosetearekin amaitzeko UNICEFen helburua
Nazio Batuek ohartarazten duenez, izurritearekin biderkatu egin daiteke elikagai fatan dauden pertsonen kopurua, azken urteetan etengabe igotzen ari dena
Nahikari Cayado
Larunbata, 18 uztaila 2020, 18:16
Gosea pasatzen duten pertsonen kopurua igotzen ari da eta horrela jarraituko du datozen hilabeteetan Covid-19ak eragindako izurritearen ondorioz. Datu horrek arriskuan jartzen du 2030era begira UNICEFek munduko gosetearekin amaitzeko jarrita zeukan helburuarekin. Horrela adierazi du behintzat Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) urtero burutzen duen estudioak, Nekazaritza Garapenerako Nazioarteko Funtsarekin (FIDA), UNICEFekin, Elikagaien Programa Mundialarekin (PMA) eta Munduko Osasun Erakundearekin (MOE) elkarlanean eginikoa.
Pasa den uztailaren 13an argitaratu zen bezala, 2019an ia 690 milioi pertsonek pasa zuten gosea munduan (2018arekin alderatuz, kopuruak 10 milioi egin ditu gora, eta ia 60 milioi azkeneko bost urteekin alderatuz gero). «Elikagaien kostu altuek galarazten dute milioika hiritarrek modu osasuntsu eta nutritiboan elikatzea. Gosete gehien jasaten duen kontinentea Asia da, baina kopurua geroz eta azkarrago igotzen ari da Afrikan», adierazten dute ikerketan.
Bertan arrazoitzen denez gainera, koronabirusak eragindako izurriteak zifren deskalabru bat eragin dezake urte amaierara begira, mundu osoan gosetea jasaten duen pertsonen kopurua 130 milioi gehiagotan handituz.
Izan ere, eta ikerketan adierazten denez, gizakien elikadura faltaren aurka borrokatzeko prozesuak gelditu behar izan diren bitartean, Covid-19aren pandemiak pertsona zaurgarriak kaltetu egin ditu, elikagaien urritasuna hein handian handituz. «Oraindik goiz da izurriteak eragindako konfinamenduak eta gainontzeko neurriek ekarriko dituzten kalteak ebaluatzeko, baina aurreikusten denez, minimoki 83 milioi pertsonek, eta baliteke zifra 132 milioi pertsonetara heltzea, gosea pasatzen hasiko dira 2020. urtea amaitu baino lehen», azpimarratu dute Nazio Batuetatik.