Bizkaiko Bertsolari Txapelketa datorren urtera atzeratu dute
Saioak egiteko «baldintzarik ez dagoenez» zirkuitu txikia antolatuko dute udazkenarako
Iratxe Astui
Busturialdea
Ostirala, 25 iraila 2020, 16:31
Udabarria Bertsotan faseko saioak amaitu dira, eta, hain zuzen ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatuko duten bertsolarien izenak erabakita daude, oraingoz Covid-19ak eragindako egoera tarteko, deialdia datorren urtera atzeratzea erabaki du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.
«Aurrerago egingo da txapelketa; plazak sustatzen jarraituko dugu kultura segurua delako», azaldu dute ostiral honetan elkartetik. «Zalantza eta bilera askoren ostean» hartu dutela erabakia jakinarazi dute, bestalde.
Osteguneko azken saioak –Zallan eta Derion- jokatu eta gero osatu da txapelketa lehiatuko dutenen Busturialdeko eta Lea Artibaiko ahotsen zerrenda. Urdaibaiko ordezkariak izango dira Julen Ibarguengoitia (Gernika-Lumo), Aitor Etxebarriazarraga (Gernika-Lumo), Ibai Amillategi (Gernika-Lumo), Enare Miniategi (Gautegiz Arteaga), Eneko Aldana (Forua), Koldo Muñiz (Forua) eta Mikel Retolaza (Busturia). Beraiekin batera, 2018ko txapelketaren irabazle Onintza Enbeita (Muxika) egongo da.
Lea-Artibai eskualdetik hiru bertsolari sailkatu dira: Garazi Navarro (Amoroto), Aissa Intxausti (Lekeitio) eta Josune Aramendi (Markina-Xemein). Gainera, 2018ko txapelketaren finalaurrekoetan egon ziren bertsolariak kanporaketetan zuzenean sartuko dira, eta horien artean daude Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra.
Bizkaiko Bertsozale Elkartetik adierazi dute txapelketako saioak egiteko baldintzarik egon ez arren, «bestelako saio mota asko antolatu daitezkeela guztion osasuna bermatuz». «Kultura segurua dela berretsi nahi dugu eta guztiok seguru egonda egiteko moduko saioak antolatu daitezkeela uste dugu», diote. Horregatik, udazken honetarako «bertso saioen zirkuitotxo bat antolatzen ari gara», jakitera eman dute. «Kulturak merezi duelako eta bertsozaleek ere bai».