'Bizkaiari begira' erakusketa ibiltaria, orain Getxon!
Bikandi, Lazkano, Lagar... Ezagutu gure lurralde historikoa Evaristo Churruca kaian astelehenera arte egongo den erakusketan, 'BBK Artearen Ibilbidea' dibulgazio artistikoko programaren laugarren edizioak ekarritako proposamenari esker
Bizkaiko irudia erakustea helburu duen 'BBK Artearen Ibilbidea' dibulgazio artistikoko programa ibiltariaren laugarren edizioak aurrera darrai eta aurreko astelehenean iritsi zen Getxora, Bilbo, Barakaldo, Muskiz, Portugalete, Trapagarango Harana, Abanto-Zierbena eta Balmaseda zeharkatu ondoren, maiatzean hasi zenetik. Bilboko Arte Ederren Museoak eta BBK-k martxan jarritako ekimenak gure lurralde historikoa erakusten digu artearen historiako aldi ezberdinetako 30 artistaren 36 artelanen erreprodukzioen bidez, eta interesa dutenek datorren astelehenera arte, uztailaren 17ra arte, ikusi ahal izango dute erakusketa Getxoko Evaristo Churruca kaian.
Ea zer aurkituko duten? Arduradunek azaldu dutenez, 'Bizkaiari begira - Miradas a Bizkaia' Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma zabaltzen duen erakusketak lurraldearen erretratu bat marrazten du, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehenengora arte kronologia zabala egiten duten adierazpen artistikoen bidez (hogeita hamabi margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage bat). Hogeita hamar artistaren irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasotzen dute, landa-enklabeetatik, Kantauriko kostaldetik eta bertako portuetatik (Bermeo, Elantxobe, Plentzia edo Abra), bai eta Durango, Balmaseda, Gernika-Lumo, Busturialdea-Urdaibai eta beste udalerri eta eskualde batzuetako hiri eta industria paisaietatik ere (Bilbo, Erandio edo meatze-herriak).
Era berean, koadroetan giza presentziak paisaiarekin bat egiten du Bizkaiaren idiosinkrasia irudikatzen duten jardueretan: itsasoko jendearen lana, baserritar eta langileena, prozesioak eta mistizismoa, erromeria eta estropadetako aisia, bolo-jokoa, bertsolaritza... Askotariko lanez gozatzeko aukera, Luis Pareten eszena idealizatuetatik hasi eta Agustin Ibarrolaren salaketa politikoetaraino doazenak, besteak beste, Guezala, Lagar eta Rodeten altxorretatik igaroz.
-
Artisten izenak Luis Paret, Antonio Maria Lekuona, Anselmo Ginea, Darío de Regoyos, Adolfo Guiard, Inocencio Asarta, Manuel Losada, Fernando Amarika, Alberto Arrue, Valentin Zubiaurre, Aurelio Arteta, Julian Tellaetxe, Jose Arrue, Ricardo Arrue, Antonio Gezala, Celso Lagar, Jose Benito Bikandi, Juan Jose Landa, Jose Maria Uzelai, Nicolás Martínez Ortiz, Jose Antonio Ormaolea, Roberto Rodet, Agustin Ibarrola, Ricardo Toja, Mari Puri Herrero, Gabriele Basilico, José Ramón Morquillas, Daniel Tamayo, Patxi Cobo eta Jesus Mari Lazkanoren lanak dira.
Erakusketa honetako irudien dokumentu-balioari haien esanahi sinbolikoa gehitzen zaio, kontzeptu kultural, sozial edo politikoak gogora ekartzen baitituzte, hala nola tradizioak, klaseen bereizketa eta eraldaketa, gatazka ideologikoak...
Beraz, aipatu bezala, 'Bizkaiari begira-Miradas a Bizkaia' erakusketaz gozatu nahi baduzu, jakin ezazu Getxotik ibili ostean Bizkaiko beste 20 udalerritatik ibiliko dela azarora bitarte. Izan ere, udalerri horiek astebetez, topagune publikoetan, irisgarrietan eta aire zabalean hartuko dute ekimen hau. Zeintzuk diren jakin nahi? Bada, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Nabarniz, Gernika, Mungia, Gamiz-Fika, Erandio, Sestao, Bakio, Gordexola, Ugao-Miraballes, Basauri, Etxebarri, Lezama, Amorebieta, Iurreta, Garai eta Durango.
Arte Ederren Museoaren bilduma
2018az geroztik, 'BBK Artearen Ibilbidea - La Ruta del Arte' programak Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma zabaltzen du bere aretoetatik haratago, kultura artistikoa herritarrengana hurbiltzeko eta ondare aberastasuna erakusteko. Lehen bi edizioetan bildumaren lan aipagarriak erakutsi ziren, eta, hirugarrenean, emakume artisten lanen sorta bat eta emakumearen irudiak artean. Laugarren denboraldi honetan, ikusi dugun bezala, protagonismoa Bizkaia erakusten duten irudiek hartu dute.