Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak kontzertu solidarioa emango du Haurren Nazioarteko Egunean
UNICEFeko kanpainaren baitan, datorren azaroaren 20an izango da zuzeneko ikuskizuna, Bilboko Campos Eliseos Antzokian
NAHIKARI CAYADO
Igandea, 17 azaroa 2019, 23:33
'Nigatik eta nire lagun guztiengatik' lelopean dator aurtengo UNICEFen kanpaina solidarioa. Helburua, osasun, hezkuntza eta babes arloan haurrek dituzten arazoak konpontzea izango litzateke, bizitza kalitate hobea eskainiz. Proposatutakoarekin bat egiteko beharrezkoak diren diru-funtsak eskuratzeko, kontzertu solidarioa antolatu dute datorren azaroaren 20rako – asteazkena- Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren eskutik.
Bilbotarrek beraien ekintza solidarioen barne, aurten UNICEFen 'Nigatik eta nire lagun guztiengatik' kanpainan parte hartu nahi izan dute beraien 'Haur guztientzat' izeneko kontzertua eskainiz. «Orkestraren lagun eta publikoaren artean UNICEFek munduan zehar egiten duen lan ikaragarria erakutsi nahi dugu», adierazi zuen Asier Loroñok, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren presidenteak, ekitaldiaren aurkezpenean. Era horretan, jarraitu zuen, «musika ikuskizunera bertaratzen diren guztiek zuzenean sentituko dugu munduan beharrizan gehien duten haur guztienganako hurbilketa eta elkartasuna».
Bestetik gainera, aurten ekitaldi solidario hau ospatuko den data berezia izango da. Izatez, haurren Eskubideei buruzko hitzarmena onartu zenetik 30 urte betetzen dira oraingoan. Itun hau, historiako giza eskubideen nazioarteko itunik berretsiena da, eta 2030 Agenda eta Garapen Iraunkorrerako helburuak bide-orri gisa izanik, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak elkartasun ekitaldi oso berezia eskainiko dutela aurreratu zuten.
«Aurtengoa oso momentu adierazgarri eta berezia da UNICEFentzat, eta baita haur eta nerabe guztientzat. Horregatik, asko eskertzen dugu haurrenganako inplikazioa erakusten duen kontzertu solidario hau», goraipatu du Isidro Elezgaraik, UNICEF Euskal Herriko Batzordeko Presidenteak.
Horrela ba, datorren hilaren 20an Bilboko Campos Eliseos Antzokian 90 minutuko iraupena duen zuzeneko emanaldia izango da ikusgai. Bertaratu nahi dutenek, sarrerak aldez aurretik erosteko aukera izango dute teatrocampos.com webgunean.