https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

BESTEAK ETA GU

BESTEAK ETA GU
Felipe Juaristi
FELIPE JUARISTI

Toni Morrison hil da. Euskal irakurle den horrek, norbait bada, arrazoi bat gehiago dauka arrangura hartzeko. Estatu Batuetako beltz jendeaz hitz egiten duenean ere, gutaz ari da, alegia mundu honetan bizi garen gizakioz. 'Beloved', gainera, euskaraturik dago. Arraza bakarra dagoela idatzi zuen, giza arraza, denok, beltz, zuri eta kirri-kirri, batzen gaituena. Urte batzuk dira Stockholmera iritsi ginela, Gabon egunak igarotzera. Hotz zegoen, normala denez abenduan, baina ez zen atzera botatzen duen hotza. Gehiago esango nuke, gaur egun kontu gutxi dira gure garaiko gizakia atzera bota lezaketenak. Eguraldia ez da horietako bat, jakina; ezta edozein tokitara bidaiatzeko ustezko oztopo-andana ere. Argazki bat ikusi dut, erabat txundituta utzi nauena. Ilara luze bat Everesteko gailurra oinez zapaldu nahian. Ez dakit nondik ateratako argazkia den, gizatasun haren gainetik, seguru asko, baina inurriak ziruditen: inurri beltzak bide zurian barrena. Stockholmen, behar den bezala, Nobel Museora jo genuen. Plaza txiki batean dago, uharte txiki batean. Diotenez, hiria hortik hasi omen zen zabaltzen.

Gu joan ginenean, titiritero eta farandulako jendeak hartua zegoen, nork bere ikuskizuna eskaintzen, borondatezko amoinaren truke. Sartu ginen, ordaindu gabe, esanez kafetegira gindoazela. Toni Morrisonen tokian haren argazki ugari ageri ziren, biografia eta bibliografia osatu xamarrekin batera. Liburu asko, hizkuntza askotan. Saiakera-liburuak, ordea, ingelesez zeuden. Baziren han izenburuz ere ezagutzen ez nituenak, hitzaldi-bildumak, iritzi artikuluak, eta halako. Haietako bat erosi nuen, 'The Origin of Others. The Charles Eliot Norton Lectures, 2016'. Bada itzulpena gazteleraz, 'El origen de los otros' (Lumen, 2018). Besteen jatorria zein den adierazteko modua, norberaren jatorritik abiatuta.

Literaturan eta bizitzan garrantzitsuena ez da zer esaten den edo zer kontatzen den, nondik, zein angelutatik, esaten eta kontatzen den. Ikuspegia da garrantzia duena. Eta esango nuke Toni Morrisonen literatura osoak, edo ia osoak, kategorikoa ez izatearren, Ameriketako Estatu Batuetako beltz esklaboen begirada islatzen duela, edo islatutako errealitatea beltz esklaboen begietatik ikusia dela. Menderatzaileen mekanismoak bi izan daitezkeela, besteak beste, jakinekoa da. Bata da errepresio hutsa eta, bestea, menderatuen egoera zuritu nahian, gertatu dena izan den baino ederrago azaltzeko, edo gertatu ez dena kolore ederrez pintatzeko ahalegina. Hona hemen edertze-lan hori zertan den: «Harriet Beecher Stowek ez zuen idatzi 'Osaba Tomen Etxola', Tomek, Chloek edo beltzen arteko inork irakurtzeko. Garaiko irakurleak zuriak ziren, edertze-lan horren beharra zuten eta halako irudiak erosteko gai ziren».

«Ez da, beraz, kolore kontua, beltz izan ala ez izan, botere kontua baizik»

Inor ez da arrazista edo faxista sortzen. Gure bizitzan besteekiko dugun joera ez da genetikaren ondorio, heziketaren emaitza baizik. Ikasitakoa zabaltzen dugu hazia balitz bezala, batzuetan hazi ustela bada ere. Inor ez da komunista edo libertario jaiotzen. Norberaren pasioek, esperientziarekin batera, eraman gaituzte etorri garen tokira. Arraza bakarra dago, ados nago Toni Morrisonekin: gizakia da. Arraza bakarra dagoela aldarrikatzen du Komunisten Manifestuak, Marxek eta Engelsek adierazi bezala: langileen arraza. Arrazakeria, ordea, boterearen erakustaldia da. Arrazista zuriak daude, gehienak; eta baita arrazista beltzak ere, gainerakoak baztertzen dituztenak. Ez da, beraz, kolore kontua, beltz izan ala ez izan, botere kontua baizik. Boterea duenak erabakitzen du zein den kolore zuzena, erabakitzen duen bezala zein den ideologia zuzena, eta horregatik bazter ditzake bereak ez diren ideologiak, edo, muturrera jota, baita bereak ez diren iritzi, sentimendu eta afektuak oro ere.

«Zurien mendekotasunari beltzen boterea kontrajartzea bestearen begiradan preso geratzea da», idatzi zuen. Toni Morrison, izan ere, pentsarazten digun idazlea da. Haren liburuek ez diete erantzuten kezka estetiko soilei, ezta iritzi politiko hutsei ere. Arteak, benazkoa izatekotan, biak batuta ekarri behar ditu.

Temas

Euskera