Bertsolaritza presentzialtasuna berreskuratzen doa pixkanaka
Goranzkoa da joera, bertsogintzaren agenda bat-bateko bertso saioek okupatuta ere
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 1 ekaina 2021, 21:37
Bertsolaritza presentzialtasuna berreskuratzen doa pixkanaka. Izan ere, nahiz eta pandemia garaian bertsolaritzaren hitzordu ezberdinek beherakada ikaragarrria sumatu, diziplina honen xarma aurrez aurrekora bueltatzen hasia da. Goranzkoa da joera, bertsogintzaren agenda bat-bateko bertso saioek okupatuta ere.
2019. urteko lehen bost hilabeteetan 366 saio antolatu ziren orotara Euskal Herrian Barrena. Aurtengo tarte berberean guztira 144 saio atondu dituzte, 222 saio gutxiago, duela bi urtekoarekin alderatuz gero. Dena den, zifrak nahiko baikorrak dira, Bertsozale Elkartearentzat. Euren esanetan: «Martxotik aurrera bertso plazen kopurua gorantz joan da, eta hala jarraitzen du egun ere: apirilean 29 saio eta maiatzean 47 izan atondu baitziren».
Aipatu bezala, azken hilabeteotako bertso saio gehienak jaialdiak eta bat-batekoak izan dira, burutuakoen, % 91,5, hain zuzen ere. Plaza libreko saioek, aldiz, %7 soilik suposatu dute, eta, otorduetan edo mahai-inguruan jorratzen direnek %2 baino ez.
Gainera, azken urteotan Lankuk antolatzen dituen bertso saioen gorakada ikaragarria mahaigaineratu nahi izan du Bertsozale Elkarteak. Izan ere, konpainia honek tokian tokiko antolatzaileei bertso saioak antolatzeko zerbitzua bermatzen die. Gainera, aipatzekoa da aurtengo urtarriletik maiatzera bitartean jorratu diren bertso saioen %45 kultur enpresetatik antolatutakoak izan zirela, 2019an baino, % 15gehiago.
Bertsozale Elkarteak, bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortutako kultur enpresa da Lanku. Bertsozale Elkarteak, 2003an sortu zuen, eta, herri mugimenduaren antolakuntza errespetatuz, bertsolaritza indartzea du xedetzat. Bertsoa aintzat hartuta, kultur ekitaldi oro atontzeko gai da Lanku, giza zein baliabide materialak kudeatzen dituen enpresa, alegia.