https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Berri Txarrak taldea agurtzeko zazpi aukera gehiago

Berri txarrak taldeak zazpi kontzertu gehiago eskainiko ditu urrian. / Bideoa: Silvia Cantera | Argazkia: Manu Cecilio

Amurrio, Baiona, Elorrio, Getxo, Bermeo, Hernani eta Larragan izango diren emanaldietako sarrerak igandean jarriko dira salgai

NAHIKARI CAYADO

Berri Txarrak talde nafarrak sare sozialen bidez iragarri du hilabete honetan beste zazpi kontzertu gehiago emango dituela. 'Beude' birari dagozkion kontzertuak direnez, gaztetxe eta areto txikietan emango dira.

Getxo, Bermeo, Hernani eta Larragako kontzertuetarako sarrerak igande honetan jarriko dira salgai, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Hauek eskuratu nahi dituztenak inteneteko Wegow plataformaren bidez egin beharko dute. Pertsona bakoitzak lau sarrera erosi ahal izango ditu gehiengoz.

Bestetik, Amurrio, Baiona eta Elorrioko kontzertuetara joan nahi dutenek aretoan bertan eskuratu beharko dituzte sarrerak, igandean ere bai. Kasu honetan aldiz, bakoitzak bi sarrera bakarrik erosteko aukera izango du.

Kontzertu datei eta ordutegiei dagokionez, lehenengoa Amurrioko Burubio Kultur Elkartean izango da, datorren 18an, 21.00etatik aurrera. Hurrengo egunean aldiz, Lekunberriko musikariak Baionara abiatuko dira, Zizpa gaztetxera. Ondorengo hiru kontzertuak Bizkaian emango dituzte. Lehenengoa, urriaren 20, Elorrioko gaztetxean izango da, 24an, aldiz, Getxoko Muxikebarrin eta azkenik, 25ean, Bermeoko Kafe Antzokian. Hernaniko Oialume biltokia eta Larragako La Laguna izango dira kontzertu sorta berri honen azkeneko geralekuak.

Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek osatzen duten hirukotea Bartzelonan eta Madrilen izango da azaro hasieran. Hirietarako sarrerak salgai jarri eta berehala amaitu ziren -Madrilerako sarrera gehiago jarri dituzte salgai-, beraz, nafarrek iragarri berri dituzten zazpi kontzertu hauetara hutsik egin nahi ez dutenek bizkor aritu beharko dira igandean sarrerarik gabe ez geratzeko.