'Bernardo gor-mutua'ren gorrotoa
HARMAILATIK ·
Schuster jokalari ohia Athleticen eta Realaren aurka aurkeztu da euren zaletuen zale ez izateagatikSchuster hitza zapatagile da alemanaz. Eskura dator gazteleraz 'zapatero a tus zapatos' erabiltzen ohi dugun adierazpen hori. Eta baten batek argudiatu zezakeen Bern Shusterrek futbolaz asko dakiela. Gehienek baino gehiago. Egia da. Arazoa, aldiz, da bere azken hitzek kirolarekin bat ez datozela. Izatez, politikaren, edo okerrago, gorrotoaren arloan koka ditzakegu.
F.C. Barcelonan, Real Madrilen eta Atletico Madrilen jokatu zuen erdilariak ez ditu Athletic eta Reala Kopako finalean ikusi nahi. Eta guri zer axola! Zelaian irabazitakoak ezin du ezer ezta inork ukatu. Hainbeste urtetan arlo profesionalean egon den edonork jakin beharko luke hori. Eta onartu, gustatu ala ez.
Jakina da, tamalez, Schuster ez dela ona irabazleari meritoak ematerakoan. 1984Ko Kopa finala gogoratzea besterik ez dago. Maradonak hasitako borroka horretan, alemanak ez zuen parte hartu. Hori dio berak. «Arraroa da, horietan beti lehenengo erreietan ibiltzen naiz, baina urrunegi nengoen dena sutu zenean», azaldu egin du behin baino gehiagotan. Tontakeria izan balitz bezala.
Mendeku bat izan zen. Schusterren eta Maradonaren gorrotoa argi dago nondik datorren. Biak lesionaturik atera ziren Goikoetxearen sarrera baten ostean. Erdilariak 1981an. Astro argentinarrak hiru urte beranduago, 84an. Baina, antza, oraingoa ez du zerikusirikchorrekin. «Txistuengatik esaten dut guzti hau. Dituzten zaleak izanda, Reala eta Athletic Clubari ez zaie Kopa finala jokatzen utzi behar», esan berri du jokalari ohiak irrati batean.
Aingeru ilehoria esaten zioten Bernd Schusterri. Ironikoa. Deabru bat izan da beti, eta horretaz harro dago. Gero, 'Bernardo gor-mutua'ren ezizena jarri zioten. Hori oraindik barregarriagoa da. Schusterrek ez da isilik bere bizitza osoan geratu. Argiena ez dela ere soma dezakegu. 'Bernardo el sordomudo', aldiz, benetakoa diot, inteligentzia eta hausnarketaren ispilua da. Badakizue, el Zorroren laguntzailea. Mutua bazen bai, edo hitz egiteko gurarik ez zuen behintzat. Gorra ez ordea. Diego de la Vegak esaten zuen guztia entzuten eta ulertzean zuela dudarik ez dago. Bernd kontrakoa. Zoritzarrez, gor-mutu honek, ez du entzuten, ez ulertzen ezta ikasten ere.
Athleticen aurka Kopa batean ahotsa altxatu zuen azkenenegoa Jose María del Nido izan zen. Ziur gogoratuko duzuela; «Nos vamos a comer al león», bota zuen orduko Sevillako presidenteak. Badakigu zer erantzun zuen San Mamesek: 'Del nido cémeme el... '. Ba Schusterrekin, 'antzeko-parecido'.