Berlinale Zinemaldiak ez du genero bereizketarik burutuko antzezpen sariketaren arloan
Datorren urteko edizioan ezarriko dute lehendabiziko aldiz egitasmo hori
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 26 abuztua 2020, 20:45
Berlinale Zinemaldiak ez du genero bereizketarik burutuko antzezpen sariketaren arloan. Hala, datorren urteko edizioan ezarriko dute lehendabiziko aldiz egitasmo hori, epaimahaiak garaikurrak banatzerako orduan ez baitu edonolako bereizketarik egingo. Hortaz, aktore onenaren eta antzeztaldeko aktorearen garaikurra banatuko dute batera, irabazlea gizonezkoa edota emakumezkoa izanda ere.
Nobedade hori prentsaurreko batean adierazi zuten Berlinaleko zuzendariak diren Mariette Rissenbe eta Carlo Chatrian zuzendariek duela egun batzuk. Euren ustetan, egitasmo aitzindari honek kontzientzia handiagoa eragingo du zinematografia-industrian, generoari dagokionez.
Era berean, zuzendariek nabarmendu zutenez, koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoeraren harira, Berlinale ekitaldi fisiko gisa 2021eko otsailean ospatuko dute. Hori dela bide, beste urte batzuetan baino higiene protokolo zorrotzagoak ezarriko dituzte, baita segurtasun neurri handiagoak hartu ere, gonbidatu ezberdinen osasuna bermatzeko asmoz. Zehatzago esanda, datorren urteko edizioa otsailaren 11n abiatu eta 21ean amaituko da
Berlingo Nazioarteko Zinemaldia, Berlinale izenaz ezagun dena, munduko zinemaldi esanguratsuenetakoa da. Berlinen 1951ean sortu zenetik otsailero egiten da, urtero 1978. urtetik. 400.000 ikus-entzule baino gehiago izaten ditu urtero, publiko gehien jasotzen duen munduko zinemaldia izanik. Berlingoa A kategoriako zinemaldia da, Veneziako, Cannesko, Donostiako, Mar de Platako eta Karlovy Varyko zinemaldiekin batera.