Belako taldeko bi kidek kontzertu akustikoa emango dute Bilbon
Kontzertua Bidebarrieta Kulturgunean izango da astearte honetan, 19.00etan
Paul Picado
Larunbata, 26 abendua 2020
Belako taldeko Cris Lizarraga eta Josu Ximun kideek kontzertu akustikoa emango dute asteartean, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, 19.00etan. Taldeak 'Plastic drama' izeneko diskoa kaleratu du aurten eta kontzertuan azken eta aurreko lanen kantak abestuko dituzte.
Berangon sortu zen taldea 2011. urtean, laurogeiko hamarkadako 'new wave' estiloari jarraituz. Hasiera batean beste abesti batzuen bertsioak egiten zituzten, eta lokal txikietan jotzen zuten. Geroago, post-punk delako estilora jo zuten.
Sortu eta urtebetera Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuten, eta horren ostean arrakasta handiagoa izaten hasi ziren. Besteak beste, Bilbao BBK Live jaialdian jo, Elvis Costelloren kontzertu batean hasierako talde gisa aritu eta Donostiako Jazzaldian parte hartu zuen.
Horrela, azkenean, taldearen lehen lan luzea heldu zen, 2013. urtean, 'Eurie' izenekoa. Disko horretan, hala nola, Joy Division, The Clash, Pixies, Sonic Youth edo Nirvana taldeen eragina hauteman zen musikan zein kantetan. Bigarren lan luzea heldu arte hiru urte igaro ziren, 'Hamen' izeneko diskoarekin, baina tarteka hainbat jaialditan parte hartu zuten.
Hirugarren lana duela bi urtekoa da, 'Render Me Numb, Trivial Violence' izenekoa, eta disko osoa kaleratu aurretik hiru single aurkeztu zituen, 'Render Me Numb', 'Over the edge' eta 'Lungs', taldeak berak sortutako Belako Records diskoetxearekin. Taldeak tarteka bi disko labur ere kaleratu ditu. Bat, 2014an, 'Bele Beltzak, Baino Ez' izenekoa; bestea, urte berean, 'AAAA!!!!' izenekoa. Eta azken boladan 'Plastic drama' aurkeztu du. Taldea lau kide osatzen dute, baina astearteko kontzertuan lehen aipatutako biak izango dira.