Borrar
Gonzalo Fernández de Castro, Alba Ayucar, Gorka eta Enaitz Gutiérrez eta Iñigo Ramirez de la Piscina.

«Barnetegietan ikasleak euskaraz oheratu eta jaikitzen dira»

Udan ehunka euskaltzale joaten dira barnetegietara euskara hobetzera, familiakoekin hizkuntza ohiturak aldatzera eta azterketak prestatzera. AEK-ko ikasle eta irakasleek euren esperientziak kontatu dizkigute

Osteguna, 11 uztaila 2024, 00:14

Comenta

Uda urtaro ezin hobea da kanpoko ekintzekin gozatzeko, jai herrikoietara joateko, aspaldian ikusten ez ditugun lagunekin egoteko, hondartzan eguzkia hartzeko, eta, nola ez, euskara ikasteko. Horretarako, mota guztietako barnetegiak daude, ikaslea Euskal Herriko hainbat tokitan murgiltze linguistiko oso batera eramaten dutenak. Gaur AEK-koetara mugatuko gara. Bertako arduradun eta parte-hartzaile batzuekin hitz egin nahi izan dugu, esperientzia nolakoa den konta diezaguten, bai familia barnetegietan, bai euskalduntzekoetan, bai B2 eta C1 azterketak prestatzeko balio dutenetan.

«Nire lehenengo aldia da barnetegi batean eta esperientzia zoragarria izaten ari da»

Gonzalo Fernández de Castro

Barnetegiko ikaslea

Gonzalo Fernández de Castrok 25 urte ditu eta A ereduan egin zituen bere ikasketak, Urdaneta ikastetxean lehenengo, eta San Mameseko Ingenieritza Eskolan ondoren. Algortakoa da eta duela hiru urte eman zuen izena Lauaxeta euskaltegian, A2 maila gainditzeko helburuarekin (lortu zuen, jakina!). Izan ere, bere inguruko lagunek bezala, euskaltzale honek euskaraz bizi nahi du, eta haiekin hizkuntza horretan mintzatzeko lan egiten ari da.

Uztailaren 1ean Arantzako barnetegira iritsi zen eta ordutik euskal hizkuntzan aritzen ari da udalerri naparrera berarekin bertaratu diren 18 eta 75 urte bitarteko hamasei ikaskide eta bi irakasleekin. Hunkituta dago esperientziarekin, bere lehenengo aldia baita barnetegi batean, eta egunero gramatika lantzen duten arren, eskertzen du ahozkoa horrenbeste lantzea, euskal unibertsoan guztiz murgilduta sentitzen baita.

Egunero egiten dituzten eskolez aparte, Berri Txarrak, Gatibu, Bulego eta Ken Zazpiko musika taldeak hain gustoko dituen itunpeko ikastetxe bateko DBH eta Batxilergoko irakasle hau «oso gustura» sentitzen da ere barnetegiak eskaintzen dituen jarduerekin. «Ni oso mendizalea naiz eta oso eroso nago nire ikaskideekin mendi txango ezberdinez gozatzen nire euskara hobetzen dudan bitartean». Eta etorkizun hurbilean posible ikusten ez duen arren, urte gutxi barru irakasgaiak euskaraz eman ahal izatea espero du. Oraingoz, aurreko ostiralean aurkeztu zen B2ko azterketara, eta nahiz eta atera duen nota oraindik ez dakien, ondo egin zuela uste du. Beraz, ez dago zalantzarik lehenago edo geroago bere helburua lortuko duela.

«Barnetegiko ikasleak euskaraz komunikatzen dira pote bat hartzean, ogia erostean edo beste edozein jardueratan»

Alba Ayucar Castro

AEKren uda barnetegien arduraduna

Alba Ayucar Castro donostiarra da, hogeita hamahiru urte ditu eta aurten egin du debuta AEK-ko udako barnetegien arduradun gisa, bigarren lerroan bi urte eman ondoren. Euskaldun zaharra, euskaraz egin zituen ikasketa guztiak, Lehen Hezkuntzako gradua barne. Irakasle bezala lan egin nahi zuen, baina duela bost urte praktikak amaitu eta lan bila zihoala, berarekin magisteritza ikasi zuen ikaskide batek AEKko irakasle izatera animatu zuen, eta ordutik ez da gelditu.

Urritik ekainera eskolak ematen ditu AEKn, eta barnetegiak prestatzen ditu urte osoan zehar. Zehazki, uda honetan, Hego Euskal Herrian hiru motatakoak daudela kontatu digu: familia barnetegia, Gipuzkoako Aduna udalerrian uztail osoan eta abuztuko lehen hamabostaldian eskaintzen dena (hamaika eguneko iraupena du); euskalduntzeko barnetegia, maila hobetzeko balio duena eta Arantzan (Nafarroa) uztailean eta abuztuan eskaintzen dena eta Foruan (Bizkaia) iraileko lehen hamabostaldian; eta B2 eta C1 probak gainditzeko azterketak prestatzeko barnetegia, abuztuaren 12tik 25era Arantzan izango dena. Halaber, Ipar Euskal Herriari dagokionez, Urepeleko barnetegia (Nafarroa Beherea) martxan egongo da uztailaren 22tik abuztuaren 2ra, eta xiberera euskalkia landu nahi dutenak Mendikotako barnetegira (Zuberoa) joan ahalko dira uztailaren 29tik abuztuaren 3ra. Izena ematea planteatzen ari bazara, jakin ezazu aurten sistema aldatu egin dela eta euskaltegietan egin beharrean, online dela. AEK-ko ikasleek deskontu txiki bat dute, baina edonork parte har dezake.

Ayucarren arabera, «barnetegietan ikasleek 24 orduz euskara praktikatzeko eta euskal kulturan murgiltzeko aukera dute, eta hori aurrerapauso handia da euren ikasketa prozesuan. Jarduera ezberdinak egiten dituzte, eta egunerokoan euskaraz bizitzera ohitzen dira. Adibidez, Arantza oso herri euskalduna da eta ikasleak euskaraz komunikatuko dira pote bat hartzean, ogia erostean edo beste edozein jardueratan. Hau da, giroa da euskaraz hitz egitera garamatzana. Oso esperientzia berezia da, eta euskal kulturan eta euskaran interesa dutenak izena ematera animatzen ditugu», dio.

«Familia barnetegia nire semea motibatzeko modu bat izan zen»

Gorka Gutiérrez eta bere semea, Enaitz

Familia barnetegiko ikasleak

Gorka Gutiérrez santurtziarra da, 44 urte ditu, eta joan den abuztuan Adunako (Gipuzkoa) familientzako barnetegira joan zen bere seme bakarrarekin, Enaitzekin. Berak eta bere emazteak, C1 titulua duen andereño batek, erabaki zuten azken hau familiak etxean dituen animaliak (txakur bat, untxi bat...) zaintzen geratuko zela, aita-semeak euskarazko komunikazioa hobetzen ahaleginduko ziren bitartean. Une horretan, Gorkak euskararekin zuen harremanari ekin berri zion (hau da, haurtzaroan B ereduan ikasi zuenetik 25 urte inguru igaro zirenean), eta Enaitzek, euskara hutsean ikasi arren, ahal zuen guztietan hitz egiten zuen gaztelaniaz. Beraz, bien maila hobetzeko aukera ona izan zen.

«Erronka pertsonal batengatik hizkuntzarekin nuen harremana berreskuratzeko gogoa nuen. Eta gero, Aldundiko mantentze elektrikoko kanpoko enpresa batean lan egiten dudanez, uste dut ez zaidala gaizki etorriko tituluak ateratzen joatea (iaz B1 proba gainditu zuen), nahiz eta oraingoz ez dagoen aurreikusita eskatuko dituztenik. Gainera, etorkizunean oposizioetara aurkeztu ahal izatea gustatuko litzaidake, baina hori ez da izan urrats hori emateko faktorerik garrantzitsuena», azaldu du. Izan ere, Enaitzek ez du gustuko hizkuntzak ikastea, eta, beraz, «bera motibatzeko modu bat» ere izan zen. «Lotsa kentzeko testuinguru ezin hobea aurkitzen duzu, eta hobetzen duzu. Esperientzia polita izan zen, baina apur bat gogorra ere bai, gure ohitura gaztelaniaz hitz egitea baita, eta oso zaila izan zen guretzat egunean 24 orduz euskaraz hitz egitea. Dena den, 15 egun dira eta azkenean bai lortu dugula pixka bat gehiago egitea euskaraz».

Guztira zortzi familia egon ziren (kasu gehienetan gurasoetako bat bere seme-alabekin, nahiz eta kasu batean bi gurasoak joan ziren). «Denok batera gosaltzen genuen, eta gero gu eskolak ematera joaten ginen, haurrak begiraleekin beren jarduerak egitera joaten ziren bitartean. Baina gainerako momentuetan dena elkarrekin egiten genuen». Hala ere, aurten ezin izango dute esperientzia errepikatu, Enaitzek hamahiru urte beteko dituelako eta barnetegi eredu honek hamabi urte bete arte bakarrik uzten dielako joaten. Beraz, formula berriak bilatu beharko dituzte euskaraz hitz egiteari ez uzteko.

«Barnetegian ikaslea oheratu egiten da ama-hizkuntzara itzuli gabe, eta berdin jaikitzen da»

Iñigo Ramirez de la Piscina

AEKko eta Arantzako barnetegiko irakaslea

Iñigo Ramirez de la Piscina gasteiztarra da eta hogei urte daramatza Bilbon lanean, AEKko irakasle bezala. Berrogeita hiru urte ditu, eta iaz joan zen lehen aldiz barnetegi batera irakasle gisa lan egitera: «Han egiaztatu nuen zer suposatzen duen ikasle batentzat ama-hizkuntzara itzuli gabe oheratzeak eta ikasten ari den hizkuntzarekin berriro jaikitzeak. Izan ere, ordu bat edo bi ematen badituzu hizkuntza bat ikasten, ondo dago, baina formula horrek hutsuneak ditu, gero ama hizkuntzara itzultzen zarelako eta hurrengo egunean ikasten ari zaren hizkuntza horri heldu behar diozulako. Funtsezko desberdintasuna da barnetegian hori ez dela gertatzen, eguneroko hizkuntzan ez delako aldaketarik egiten. Hau da, hamabost egun jarraian hitz egiten da hizkuntza horretan, eta askoz eraginkorragoa da», dio.

Aurten abuztuko bigarren hamabostaldian esperientzia errepikatuko duen irakasle honen historia bitxia da. Haurtzaroko ikasketak A ereduan burutu zituen, 16 urte bete zituenean AEKn euskalduntzea erabaki zuen, eta, apur bat geroago, Leioako Unibertsitateko Arte Ederretako ikasketak euskara hutsean egin zituen. Ea zergatik ikasi nahi izan zuen? Ba urte ezberdinetan parte hartu zuen udaleku ezberdinetako taldekideek berak ulertzen ez zuen hizkuntza bat menderatzen zutelako. Hala, «ikastaro trinkoen bidez, modu errazean ikasi nuen. Metodoak funtzionatzen du eta, erabaki horri esker, gaur egun euskaraz hitz egiten dut arrebarekin, ilobarekin eta lagun askorekin», kontatu digu.

Ikasteko metodologiari dagokionez, ikasleek egunean 7 eskola-ordu egiten dituzte (hori da mailaka banatzen diren une bakarra) eta arratsaldero gai jakin batekin lotutako tailer batez gozatzen dute: dantza, sukaldaritza... Gainera, Ramirez de la Piscinaren ustez, «otorduak oso eraginkorrak dira, bazkaldu eta afaldu ondoren asko hitz egiten baita. Eta gauez batzarrak egiten dira eguneko gaiak elkarrekin komentatuz eta astean behin txangoa: mendi ibilbidea, bisita gidatuak, etab.»

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Barnetegietan ikasleak euskaraz oheratu eta jaikitzen dira»

«Barnetegietan ikasleak euskaraz oheratu eta jaikitzen dira»