Bábel
Muinera iristen da, gizakiaren bihotzaren itzal-argiak deskribatu ondoren
Ondo harilkatutako istorio batek ez du bizitzaren antz handirik; bizitza, ordea, saiatzen da ondo harilkatutako istorio baten antza hartzen». Isaak Bábelen esaldia da; egia ez bada ere, egiaren antz handia hartzen du bizitza aurrera ahala eta, jakintza finkatzeke, hostoak bezala hegan. Errealitatea eta fikzioa bi ertzetan daude, baina batzuetan ertzak elkartzen dira, hariaren bi muturrak, hala nahi bada, elkartzen diren bezala. Asko idatzi da horretaz; haria luzatu eta hautsi egiten da, errealitatea eta fikzioa, izan ere, oso baitira hauskorrak, gehiegi tira eginez gero.
Bábel Odesan jaio zen, Mediterraneoak bere izen gardena galdu eta, belztuta, ur-putzu sakonak murmurioz betetzen duen hirian. Odesako jendea hegoaldekoa da eta antz handiagoa du turkiarrekin edo greziarrekin errusiarrekin edo ukraniarrekin baino. Elkarren artean nahastearen ondorioa, noski. Greziarrek sortutako hiria da, baina gero jende klase diferente asko etorri eta bertaratu zen, tartean kosakoak, jende oies eta basa, idazleek diotenez. Kosakoek literatura handirik egin gabe, literatura handiaren partaide izan dira, protagonista gehienetan. Xolokhov, Tolstoi, besteak beste, ekarri dituzte kosakoak orrietara, haien ausardia eta balentriak gogoraraziz. Borgesek zioen kosakoak galtzaile handiak izan zirela, baina, jakina, Borgesen kontuetan ez dago asmatzerik zer den errealitatea eta zer fikzioa. Galtzaile-lehian, auskalo nor irabazle. Tolstoik ezagutu zituen eta miresmenez idatzi zuen haiei buruz. Bábelek ere ezagutu zituen; haien artean bizi izan zen, iraultzaren ondorengo gerratean. Haien konpainia noblean sartu zen etsaien lurretan. Irakurri besterik ez dago 'Zalditeria Gorria', Trostkyk antolatutako armada gorriaren eredu, ez liburua jakina. Esan dezadan, bide batez, Trostkyren haurtzaroa Odesakoa izan zela, Mediterraneo ments. Behin baino gehiagotan irakurri dut liburu hori euskarazko testuan, gustukoa baitut Bábelen estilo laua eta, itxuraz, erraza. Maupassant izan daiteke Bábelen frantsesezko ispilua. Muinera iristen baita, garrantzia duen tokira, gizakiaren bihotzaren itzal-argiak deskribatu ondoren. Horretarako ongi ezagutu behar da gizateria. Anekdota batek ematen dio hasteko gaia eta gero zabalduz eta hanpatuz doa bera, ibai lasai eta lodi baten antzera, ipuin edo narrazio bilakatu arte. 'Odesako ipuinak' ere gogoan ditut: bazter jendea, judu iruzurgile, tranpati, zeken eta lukurrerien istorioak. Odesak, Bábelen begietatik zehar iragazi ondoren, Xeherezaderen hiria dirudi, fikzioaren eta errealitatearen arteko gunea, non den-dena, amestutakoa eta ametsen mundutik erauzitakoa, gertatzen den. Kosakoek, juduen etsai porrokatuak izaki, hasieran gaizki hartu zuten Bábel beraien artean; baina azkenean estimatu zuten, zalditik erortzeke, zaldiz ibiltzen bazekien judu trostaria.
Bábelen tragedia ez zen bakarrik izan Lubiankan, 1940an, Stalinen aginduz fusilatua izatea. Trostkyren jarraitzaile izatea leporatu zioten. Eskuz idatzitako izkribuak galdu izana ere bada tragediaren arlokoa. Ipuin osoak argitaratu dituzte, haiek gabe, dena dela. Etxetik hartu zituzten paperak erre egin zituzten, antza denez. Ez dakigu zer zegoen idatzita, zer mundu zegoen adierazita. Izan ere, liburu bat pertsona batek ekartzen digun mundua da, Bábelen iritzian.