Borrar
Atxaga eta Bieito 'Obabakoak' 2017ko egokitzapenaren aurkezpenean. LUIS TEJIDO
Atxaga Eibarren
ERREPORTAJEA

Atxaga Eibarren

EUSKAL LITERATURA ·

Idazle gipuzkoarraren eleberri berria mitotik urrundu da, gaurko munduan errotuz

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Sábado, 18 de enero 2020, 00:27

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

2017ko azaroan 17an, Arriaga Antzokiko zuzendari Calixto Bieitoren eta Bernardo Atxagaren arteko elkarrizketa zegoen iragarrita Bilboko BBK aretoan, antzerkigileak 'Obabakoak' lanaz egindako antzezpen egokitzapenaren harira. Altura handiko elkarrizketa ikusteko eta entzuteko aukera izan genuen hurbildu ginenok. Atxagak, ohi duen gisan, hizketaldi ongi prestatua eraman zuen, nahiz eta, berari entzunez, ideiak bat-batean josten ari zela iruditu. Inprobisazio gutxiko hizketa hartan ideia oso berezia bota zuen. 'Obabakoak' lanean bazirela molde bi: kritikak eta irakurleek zabalduriko errealismo magikoaren ildoa zen bat, eta beste bat ahaztuxeagoa geratu dena, espresionismo alemaniarrekin lotuagoa. Asteasuko egilearen ustez, bigarren hori da Bieitok bere moldaketan nagusitu duena.

Elkarrizketa hura etorri zait oroimenera 'Etxeak eta hilobiak' lana irakurtzerakoan. Ezin da ukatu Bernardo Atxagaren historia literarioan badagoela Obabako literatura munduarekiko atxikimendua, baina bere nobela berrian beste bide errealistagoa nagusitu dela ikus daiteke. Badira idazlearen traiektorian ildo eta uhin nagusi bi. Bata bere lan nagusien bidean eratua da, 'Obabakoak' liburuan, 'Soinujolearen semea' nobelan, agian 'Nevadako egunak' hibridoaren zenbait zatitan. Bestea errealistagoa da, mitotik urrundua, gaurko munduan errotua, eta esango nuke bere lanaren bazterretan geratu dela maiz. Lan handiak Ereineko Sail Nagusian edo Pamielako 'Kondagintza' bilduma erraldoian agertu dira. Besteak, aldiz, Pamielako 'Upangoa'n, edo han eta hemen barreiatuak geratu diren liburuetan. Nork ditu gogoan, adibidez, 'Cuentos apátridas' deiturikoa, Bilbon agerturiko 'Tres declaraciones', edo frantsesez emandako 'Un cheveu sur la langue'n agerturiko ipuinak? Nola berririk izan, egilearen web orrian ere agertzen ez badira? Edo nola eskuratu 'Aquel verano', eta 'Aquel verano, aquel amor' ipuin bildumak?

'Obabakoak'

Asko maite du Atxagak bere mundua. Eta hor agertu diren sinboloak eta gaiak erabiltzea. Ez da zalantzarik 'Obabakoak' munduko keinuak ageri direla 'Etxeak eta hilobiak' honetan, baina ez nuke zalantzarik egingo askoz gehiago direla Bieitok espresionismoa deituko lukeen ildotik hartutako obsesioak: Nola ez lotu mututu den haurraren historia Atxagarentzat beti obsesio izan den haur basatiaren irudiarekin, Victor de Aveyron-en historiarekin? «Lau lagun» kapituluak gogora dakar 'Gizona bere bakardadean' nobela, baina era berean 'Tres declaraciones' hartako «Declaración de Guillermo» ez du ahaztu irakurleak. Antoine pertsonaiaren historia ez da lotzen 'Itzultzaile bat Parisen' kontakizunarekin? 'Luisen istripua', laugarren atala, 'Txoriak kolpeka' liburuko 'Andoniren heriotza' ipuinarekin lotuko nuke ezbairik gabe, eta ipuin hori seigarren atalarekin, hor garbi esan baitzitzaigun Andoni Houstonen hil zela; hau da, lehenago argitaraturiko ipuin batean kontatu zitzaigun nobela honen bukaera. Jeff Koonsen artearen, pop art kitsaren antzera irakurri dut 'Daisy telebistan' errealitya, ondorengo atalean, 'Orkideak' deiturikoan ere ageriko dena, Cervantesen joko narratiboen berrinterpretazioan: telebista saila egiten ikusi dugu bosgarren atalean eta seigarrenean Garazik telebistan ikusten du programa hori.

Nahiz eta kontakizunaren arreta pertsonaia nagusi desberdinetan jarri atalez atal eta berez aldakorra izan, nobelaren batasuna begi bistakoa da. Azken kapitulu eder eta mingarri horretan hari asko bildu dira, baina lotura ugari daude testuan zehar. Batzuk finak dira, emakume desberdinez esan da 'Anita Wlodarczyken doblea' dela. Pertsonaiak atal batetik bestera igaro dira, batez ere Odiseoren antza duen –zuhurra dela aipatu da noizbait– Eliseo, edo Luis eta Martin bikiak. Lehen ataleko protagonistek bat egiten dute berriro seigarrenean interneten bidez. Etxea lehen atalean, hobia seigarrenean, biak baturik.

Baina denen gainetik, bada nagusitu den gai garrantzitsua erabateko batasun gisa: garaiari eta Euskal Herriko historiari egindako aipamena. Eliza barnean egindako abusuak, Francoren eta Printzearen itzala, borroka armatuaren hasiera, guda zikina, torturak… edo zahar etxeetako greba. Historia kutsu hori daten erabileran ziurtaturik dago, behin eta berriro data zehatzak emanez, eta non eta tokirik mitikoenean ere. Obaba herrixkaren antza duen Ugarte horretan ere datak zehatzak dira, denbora aurrera doala erakusteko. Era historiko batean agertu dira Municheko Olinpiadak –beste euskal nobela ezagun batean egin zen bezala, eta ez da omenaldi literario bakarra, «hiru muinoak» ere ikusi ditut, beste egile bat aipatuz, joera mitikoa apalduz eta xehatuz–. Errealitatean eta historian aingura jarri du nobelak, autobiografia ahaztu gabe, noski. Joera bera ageri zen 'Izaskun Eibarren' deituriko ipuin miresgarrian, eta horregatik artikulu honen izenburua.

Osotasuna

Egilearen beste ezaugarri batzuk batu dira osotasuna emateko asmoz. Aurrena animalien aipamenak: basurdea, txakurrak (lehen, bigarren eta hirugarren ataletan oso presente) eta zaldiak. Haur ezinduak, bigarren. Nonbaiten irakurri dut François Truffaut-ek ere maite zuela haur gaixo elbarrituak agerea bere lanetan; Elias lehena, Garazi eta Andoni hunkigarriak ondoren. Eta hirugarrenez, espazioak. Foucaultek 'heterotopiak' deitzen dituen espazioak maite ditu Atxagak, beste tokiak (edo «toki besteak» euskaraz esaterik balego): komentuak, kuartelak, burdelak, ospitaleak, polizia etxeak, toki itxiak, karratuak, atonduak eta eratuak, plazetatik kanpo eta hiriaren bazterretan…

Sei atal eta bakoitzean ahots narratibo desberdina. 'Obabakoak' lan miresgarria da; 'Nevadako egunak' heldutasunaren fruitua. 'Etxeak eta hilobiak' maisu lana, ofizioa oso ongi ezagutzen duen egilearen nobela osoa.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios