Urgente Normalidad en el metro tras los retrasos provocados por el desmayo de una mujer que ha caído a las vías en Algorta
Manifestariak Gazako geonozidioa salatzen, Vueltako etapa batean. Efe
AsteRkaria

La Vueltari bueltak ematen

Martes, 23 de septiembre 2025, 08:47

Pertsona liluragarriak badaude. Niretzat, harrigarrienak dira tarte batez, guztiz normaltasunez, beste norbait bihurtzen direnak: eszenatokira igotzen direnak edo kameraren atzean jartzen direnak, eta, konbentzimendu osoz, XVIII. mendeko aristokrata baten larruan sartzen direnak, hiltzaile baten, gaixo terminal baten, taxi-gidari baten, banku-lapur baten edo Erdi aroko fraide baten azalean.

Publicidad

Ondoren beren identitatea berreskuratzen dute eta normaltasun itxura ematen saiatzen dira; bizimodu konbentzionala eramaten eta ezohiko portaera hori ezkutatzen.

Agian horregatik hunkitzen naute horrenbeste aktoreen eta aktrizen heriotzek: errealitatearen eta irudimenaren erreferenteak galtzen ditugu; mundua interpretatzeko eta ikusteko modu batzuk.

Duela gutxi Robert Redford joan zitzaigun. Zorionez, betiko izango dira -eskerrak- Sundance Kid, Gatsby, Hobbs, Jeremiah Johnson… Eta batez ere, orain AEBetan prentsa-askatasunarentzat garai latzak direnean, Bob Woodward ('All the President's Men' filmean).

Bereziki harritu egin ninduen Verónica Echeguirenak. Hain bizi ageri ziren pertsonaiak antzezten zituenez, nekez sinesten dut bera hain gaixo egon zitekeenik. 'El patio de mi cárcel' filmean bereziki gustatu zitzaidan: Isa presoa antzezten du, eta eszena batean, funtzionario bati aitortzen dio kartzelan izugarriena ez dela espetxeraturik egotea, baizik eta ohitzea:

«Badakizu zer den hemen giltzapetuta egotearen okerrena? Ohitura… Ohituta zaude familiarekin kristal baten atzetik oihuka hitz egitera, megafonoari, parte madarikatuei… Ohitura egiten duzu 'vis a vis'etan zure bikotekidearekin larrutan aritzera galeriako kideokin partekatzen duzun ohe berean… Hori guztia normal ikusten duzun unean, galduta zaude…», esaten dio.

Publicidad

Hala ere, asko axola zaigu normaltasuna, eta hura hausten edo aldatzen duen edozein xehetasun —norbanakoari zein kolektiboari dagokiona—. Normaltasunera ahalik eta lasterren itzultzea da espero izaten dugun berria: komunikabideek iragartzen dute uholdearen ondoren herritarrek ahal duten arinen normaltasunera itzultzen ari direla; sutea igaro ostean, berriz, auzokoen laguntzari esker, Zamorako herrixka horrek normaltasuna berreskuratu duela. Izan ere, normaltasuna abiapuntua da, premisa bat; normaltasunik gabe, ez gara inora iristen.

«Osoko normaltasunez garatu da», esan ohi dugu ekitaldi edo ospakizun bati buruz ari garenean. «Normaltasun osoa izan da hauteskunde-egunaren alderdirik aipagarriena», jakinarazten digu telebista. Ez da ezer ez inor bere lekutik mugitu; dena zegoen dagozkion tokian eta unean. Ez da ezer ez inor normaltasuna eteteko agertu. «Bizitza normala», gomendatzen digu medikuak…

Publicidad

Azken aste hauetan herritarroi normaltasuna mantentzea eskatzen zaigu, aurrean dugun egoera onartezina bada ere; gobernuen eta nazioarteko komunitatearen jokabidea normala ez izan arren. Esaten zaigu itxura gorde dezagun, beste aldera begira dezagun, eroarena egin dezagun; normaltasunez txalotu dezagun Israeleko txirrindulari-taldea pasatzen denean, patxadaz afal dezagun Gazatik heltzen diren albiste eta irudiak ikusten ditugularik; normaltasunez botoa eman dezagun Eurovisioko abestirik gustukoenaren alde.

Normaltzea eskatzen zaigu. Sarraskia bera normaltzat hartzea, eta are gehiago, hura zuritzeko musikaz eta kirolez mozorrotzen den zinismoa pairatzea; isiltasunaren bidez genozidio honetan parte hartzea. Konplizitatea.

Publicidad

Netanyahuk ez du Palestina bakarrik bonbardatzen; gure duintasuna ere hondakin bihurtzen, gure errukia ere suntsitzen ari da. Eta horretara, ez; horretara, ez gara ohitu behar. Hori ezin dugu onartu, bestela —Verónicak zioen bezala— galduak egongo gara. Erabat.

Bai, liluragarria iruditzen zait besteen larruan jartzeko gauza den jendea.

En fin.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad