
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Oso adierazgarra izan da azken egun hauetan fumatako tximinia. Eta ez hainbeste tximinia bera, baizik eta ehunka milioi pertsonek egunak eman izana, kearen zain, tximinia bati begira: hodi horrek itzalaldiari, Europa Leagueri, muga-zergei eta baita Peinado epaileari ere protagonismoa kendu zien. Gainerako albisteak baztertu zituen. Dena bertan behera geratu zen, latinez egiten duten agure taldekideen ke-seinaleen zain geunden eta. Erritu honek daukan erantzuna, ohikune honek daukan eraginak gogoeta pare bat -behintzat- sortarazi dizkidate:
Lehenengoa. Teknologikoki hiperkomunikatuta dagoen munduan norbaitek mezu bat bidaltzeko ke-seinaleak aukeratzea oso esanguratsua da: behin baino gehiagotan, benetan helarazi nahi dugun mezua horretarako erabiltzen dugun tresna edota euskarria da. Esate baterako: printzipioz, ez genuke Signal chat bat erabiliko Yemenen kontrako bonbardaketa bat antolatzeko. Eta erabiltzekotan, ez genuke sorturiko taldean parte hartzera ezezagunik gonbidatuko. Estatu batek mezularitza-zerbitzu hori erabiltzea askoz esanguratsuagoa da bertan kontatzen zena baino: Yemenek bost axola diola.
Kearekin antzeko zerbait gertatzen da: mezu nagusia, 'Habemus papam'etik haratago doa: ke horrek Eliza beste garai batean mugitzen dela -edo geldirik dagoela- jakinarazten digu; askoz gehiago, jakinarazpen horren benetako hartzailea Zerua dela; ez digutela guri luzatzen. Oso nabarmena da, halaber, komunikazio-prozesu hori, fumata erabat analogikoa hori, milioika telefono adimendunek grabatu izana, eta smartphone horiek albistea tita batean bost kontinenteetara helarazi izana. Bapatekotasun hori: Instituzioaren erritmo motela eta bideratu nahi duen gizartearen arintasunaren arteko kontraesana.
Bigarrena. Jendea gero eta gutxiago doa elizara, baina amore ematen du bere liturgiaren aurrean, Aste Santuko prozesioen aurrean, purpuratuen desfilearen aurrean edo pontifize berri bat dugula baieztatzen duen kebide horren aurrean. Vatikanoari -espazio berezi bat, non lurtarrak eta jainkotiarrak bat egiten duten- bere botere mediatikoa, bere fotogenia errekonozitu behar zaio: Edward Berger zinema zuzendaria ohartu zen. 'Cónclave' filmeko plano batzuk egun hauetan filmaturik izan zirela dirudi. Bestaldetik, telebistak erakutsiriko pasadizo ugari pelikula horretatik harturikoak ematen dute. Filmak oso gertutik jarraitzen dio munduko erritual sekretu eta zaharrenetako horri: Aita Santuaren hautaketari, hain zuzen. 120 milioi dolar bildu zituen…
Ez da harritzekoa ere, filmez gain, fikziozko errealitate hori laburbiltzen duten dozenaka bestseller idatzi izana: Matilde Asensiren 'El último Catón'; Donato Carrisiren 'El maestro de las sombras', non, bide batez, Leon X agertzen den; Dan Brownen 'Ángeles y demonios'...
Azken hautaketa honetan, adimen artifizialaren etorrerarekin, Grokek, Chat GPTek, Sorak, Runwayk, Filmorak eta Deepsheek askoz haruntzago eraman gaituzte; imajinaezina zena erreal bihurtu dugu: tximiniatik kolore guztietako kea atera da; bertatik Kapera Sixtinoan sartu gara eta kardinalak orgian harrapatu ditugu. Donald Trumpek berak aurkeztu eta izendatu du bere burua…
Ez, ez hainbeste tximinia bera, baizik eta berari begira egon den jendetza; tximinia -totem- horren erakargarritasuna; kebide ondoan agertu zen kaioari eman dizkiogun bueltak…
En fin.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
María de Maintenant e Iñigo Fernández de Lucio
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.