Ziurrenik, halako graduazioetako bat baino gehiagotara joatea tokatu -edo tokatuko- zaizue. «Graduazioa» izeneko errituala, Estatu Batuetan eta -seguruenik, haren eraginagatik- Europan errotua, gure tribuko gazteen helduarorako igarobidea sinbolizatzen duen ospakizuna da. Sei urterekin, gure haurrak etxeko erosotasunak atzean utzi eta ikasketak hasten dituzte, hiritar gisa trebatzeko eta arbasoen ohiturak jarraituz. Urte batzuk igaro ondoren (hamazazpi edo hamazortzi urterekin), denbora horretan eskuratutako trebetasunak egiaztatzeko hiru eguneko umotasun-proba bati -Selektibitatea, PAU, EBAU, USEP- aurre egin behar diote. Ondoren, nolabait «graduatu» gisa komunitateak hartzen ditu, eta erritu horren bidez bizitzako etapa berri bati ekiten diote. Une horretatik aurrera, bakoitzak lorturiko emaitzaren arabera, bere bidea bilatu beharko du.
Graduazio-erritualak, 400 pertsona baino gehiago biltzen ditzakenak, bi ordu inguruko iraupena izan ohi du, eta bertan dantzak, desfileak eta hitzaldiak egiten dira. «Iniziatuak» pertsona «heldu» gisa janzten dira, eta amaieran, ikastetxeko xamanak -zuzendariak edo sarbide-tutoreak- diploma edo orla ematen die aroa gainditu dutela sinbolikoki adierazteko. Kasu batzuetan, graduatu berriek birreta izeneko buru-apainketa janzten dute: kapela zurruna da, maiz borla batez hornitua.
Une hori betikotzeko, parte-hartzaileek etengabe ateratzen dituzte argazkiak beren telefono mugikorrekin, eta sare sozialetara igotzen dituzte. Irudi horiek Hodeitik bidaiatuko dira denbora luzez.
«Eunoto» izeneko errituala, bereziki Tanzanian eta Kenian errotua, masai tribuko gazteen helduarorako igarobidea islatzen duen zeremonia da. Hamabi urterekin, masai haurrek herrixkako epeltasuna atzean uzten dituzte eta sabanara joaten dira, gerlari gisa trebatzeko, gurasoen tradizioei jarraituz. Urte batzuk beranduago (hamazortzi edo hogei urterekin), tribura itzultzean, nolabait «lizentziatu» gisa onartzen ditu komunitateak, eta erritual baten bidez bizitzako urrats berri bati ekiten diote. Une horretatik aurrera, berriz ere komunitatean bizitzen hasten dira, ezkontzeko eta familia sortzeko eskubidea eskuratuz. Gerlari bizimodua atzean utzi, eta tribuko artzaintza-lanetara itzultzen dira.
Eunoto erritualak 2.500 masai baino gehiago bil ditzake, eta hamabost egun irauten du. Dantzak, desfileak eta lehiaketak egiten dira. Amaieran, amak berreskuraturiko semeari ilea mozten dio: ohikuneko une hunkigarriena da. Ondoren, gazteek idi beltz baten bihotza eta birikak hozka egiten dituzte -animalia sakratua baita-, garai berriari ekiteko indarra hartzeko. Une horren ostean «shuka» janzten dute: nagusien kolore biziko manta tradizionala.
Une hori betikotzeko, masailetan ebakiak egiten zaizkie gazteei; zauri horiek bizitza osoan zehar erakutsiko dituzten orban bilakatuko dira.
Arnold Van Gennepen 'Los ritos de paso' liburuak azaltzen duenez, zibilizazio orok du helduarorako trantsizioa markatzeko bere errituala. Halako ospakizunek etapa garrantzitsuak seinalatzen dituzte, bereziki haurren, nerabeen eta gazteen kasuan. Erritu hauek lagungarri zaizkie bizitzan izango dituzten erronkez jabetzeko eta heldutasunaren atarian gerta daitezkeen aldaketak barneratzeko.
Gure ingurune hiritar eta teknologikoari esker, joera dugu pentsatzeko espazioan eta denboran galdutako herri indigenak baino guztiz bestelakoak garela. Hain gara harroak…
En fin.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.