Belaunen sekretua
Emakumeon belaunak ezin ziren begi bistan utzi, ezta galtzerdiz estaliak ere
Laurogeita hamahiru urte zituela hil da Mary Quant, jostun eta diseinatzaile izandakoa, nola hala emakumeon belaunak begi bistan utzi zituen diseinatzailea. Hori guztia joan den mendeko hirurogeien hamarkadaren bigarren erdialdean. Sasoi urrun hartan kokatu behar da emakumeok soinean daramagunaren edo ez daramagunaren luzerari buruzko azken eztabaida. Labur adierazita, hil berria da minigonaren asmatzaile eta hedatzailea.
Askotan bezala, minigona esan zitzaionaren asmakizunak hautsak harrotu zituen eta hori joan den mendeko hirurogeien hamarkadako minigona luzea zela gaurkoekin alderatzen badugu eta gehienetan galtzerdiekin estaltzen zirela zangoak. Zer nahi den, belaunak uzten zituen begi bistan eta hori eskandalagarria izan zen sasoi urrun hartan. Emakumeon belaunak, noski.
Mende bat lehenago orkatila zen muga baina hogeigarren mendearen hasieran gonek gora egin zuten eta Mary Quant arropa saltzen hasi zenean deabruaren muga belaunetan zegoen. Emakumezkoon kasuan, noski. Orkatila utzi zen lehenik begi bistan, zangoen erdia ondoren. Belaunak, berriz, ezin ziren begi bistan utzi, ezta galtzerdiz estaliak ere.
Chanelek berak esan zuen emakumeon belaunak itsusiak direla eta ez zegoela horiek begi bistan utzita dotoreziarik. Galtza gona bai, baina belaunburuak begi bistan utzi gabe. Belaunak itsusiak ziren, galtzerdi azpian ezkutatzen baziren ere.
Eta hori edozein adinarentzat, berdin gazte edo helduentzat, ez ordea, haurrentzat. Mary Quantek guraizeak eskuan belaunburuak begi bistan utzi zituen arte. Hori guztia joan den mendeko hirurogeien hamarkadaren erdian. Luzeak ziren gona haiek gaur ikusten ditugunekin alderatzen baditugu, baina belauna uzten zuten begi bistan eta hori eskandalagarria izan zen.
Minigona esaten zitzaiona praktikotasunaren izenean asmatu omen zen. Hori esan zuen Quant andreak, belaunak libratu gabe ezinezkoa omen zitzaion emakume bati autobusa hartzeko korrika egitea. Behin autobusean eseri ondoren, ordea, gonak gora egiten zuen eta belaunburua baino zerbait gehixeago uzten zuen begi bistan. Horrela ibiltzen dira oraindik emakume asko gonari tira eta tira eginez garraio publikoetan.
Honezkero ahaztu zaizkigu sasoi hartan emakumeon belaunek sortu zituzten eztabaidak, barregarriak ere gerta daitezke, baina gertatu, gertatu ziren. Emakumeon gorputza jendartean noraino ezkutatu behar den oraindik ere eztabaidagarri da.