https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Animalien ongizatea ziurtatuko du Eusko Labelek aurrerantzean

Animalien ongizatea ziurtatuko du Eusko Labelek aurrerantzean

Ziurtapen-estrategia eta animalia-ongizatea ziurtatzeko prozesua garatzen ari dira Hazi eta Neiker-Tecnalia animalia-jatorriko Eusko Labela duten produktu guztietarako

AMALIA IBARGUTXI

Orain arte, Eusko Labelek animalien elikadura ona besterik ez zuen ziurtatzen animalia jatorriko elikagaietan. Aurrerantzean, ordea, animalia horien ongizatea ere ziurtatuko dute kalitate markadun elikagaiek, HAZI kalitatearen ziurtapenerako erakundearen eta Neiker-Tecnalia Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreko ikerketa-zentroaren arteko elkarlanari esker.

Eusko Labela duten produktuek «animalia-ongizateko araudia betetzeko» nahiari erantzuteko sortu dute ziurtagiria bi erakunde horiek, «modu objektiboan frogatu ahal izateko alderdi hori». Hain zuzen, ziurtapen-estrategia eta animalia-ongizatea ziurtatzeko prozesua garatzen ari dira animalia-jatorriko Eusko Labela duten produktu guztietarako Hazi eta Neiker-Tecnalia, betiere produktu horien araudiekin eta auditoria erraztu bidezko baterako ziurtapenarekin koordinatuta.

Kalitate-ziurtapenak Hazik egingo ditu, eta Neiker-Tecnaliak, bestalde, Eusko Labelaren araudien egokitzapenean lagunduko du, animalia-ongizatearen arloko azken ezagutza zientifikoetan oinarrituta. Eusko Label marka publikoko ikuskatzaileak animalia-ongizatearen inguruan prestatuko dituzte, animalia-espezie bakoitzari dagokion protokoloa ezartzeko.

Ekimen honi esker, Euskadin aitzindari izan nahi dute animalia-ongizatearen arloan eta «Eusko Labela duten produktuen animalia-ongizateko ziurtagiriak berme handiagoa eskainiko die kontsumitzaileei, eta balioa areagotuko die kalitateko eta jatorriko zigilu publiko horren babespean dauden produktuei», adierazi du Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak.

Ziurtatu nahi dituzten animalia-jatorriko produktuen artean daude euskal esnea, euskal okela, euskal esne bildotsa, euskal baserriko arrautzak, euskal baserriko oilaskoa eta baserriko txerrikia.

Temas

Euskera