Amsterdameko erdiguneko hiru auzotan ezin dira pisu turistikorik alokatu
Asteburu honetan Herbehereetako hiriburuak lorpen esanguratsua bereganatu du, turismo masiboari aurre egiteko aurrerapauso ikaragarria izango dena
UNAI SARRIUGARTE
Astelehena, 29 ekaina 2020, 22:04
Amsterdam hiriko erdiguneko hiru auzotan ezin izango dira pisu turistikorik alokatu aurrerantzean. Izan ere, asteburu honetan Herbehereetako hiriburuak lorpen esanguratsua bereganatu du gaur egungo globalizazioaren alorrean, turismo masiboari aurre egiteko aurrerapauso ikaragarria izan dena, hain zuzen ere.
Abian jarritako lege berri bati esker, hemendik aurrera hiriko Burgwallen-Oude Zijde, Burgwallen-Nieuwe Zijde eta Grachtengordel-Zuid auzoetan debekaturik izango dira Airbnb eta bestelako plataformek kudeatzen dituzten turismorako alokairu pribatuak eskaintzea. Amsterdameko zonalde horietako auzokideek poztasun handiz hartu dute berria, Udalak igorritako datuen arabera, bertako bizilagunen hiru heren inguru neurri hori hartzearen alde egon dira, miloi bat pertsona inguru, alegia.
Era berean, plataforma horien bitartez jada martxan dauden pisu alokatuek ezin izango dute urtean 30 egun baino gehiagoko eskaintzarik abiarazi. Neurri hori abian dagoen bigarren urtea izango da aurtengoa eta dudarik gabe bertako biztanleen egunerokorasunaren alde egitea bilatuko du.
Azken urteotan bai Amsterdamen eta baita Herbehereetan, nahiz Europako beste hainbat hiritan ere Airbnb bezalako plataformek etxebizitzen prezioen igoeran zerikusi ikaragarria izan dute. Egoera horrek bertako biztanleek etxebitzak prezio duin batean aurkitzeko aukera guztiak ekidin ditu. Hori dela medio, aurrerantzean legea betetzen ez duten etxebizitzen jabeek 20.000 euro arteko isun ekonomikoak jaso ahal izango dituzte.