Borrar
La Lotería Nacional de hoy sábado: comprobar resultados del 6 de diciembre

K2 mendia: poza eta tristurak

Aste honetan bertan gauza asko gertatu dira Himalaian, batzuk gogoratzekoak, beste batzuk gogoangarri bilakatu direnak, eta beste batzuk negar egitekoak

Juanra Madariaga

Lunes, 18 de enero 2021, 16:24

Comenta

1984ko urtarrilaren 12an, Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski eskalatzaile poloniarrek Manaslu mendiaren gailurrean jarri zituzten euren botatzarrak. Espedizio hura neguan hasi ez bazen ere, lehen neguko igoeratzat hartu izan da urteetan. Batzuentzat. Bai batzuentzat, zeren eta beste batzuentzat neguko lehen igoera, neguan hasi orduko burutu behar da espedizio osoa. Eta horixe egiten ari dira Alex Txikone eta Simone Moro, orain Manaslun.

Aste honetan 6000 metroko marratik oso gertu gelditu dira, eta lehenengo kanpamentua badute jarria, bigarrenerako bidea topatzen duten bitartean. Ia 700 metro daude kanpamentu nagusitik lehen kanpamenturaino. Malda ez da oso handia baina bidea luze egiten da. Hortik gora hasiko zaizkie komeriak. Glaziar oso puskatu batek bidea mozten du eta bere arrakalak zeharkatzeko eskailerak jarri beharko dituzte. Izotz zati oso handiak apurtzen dira, eta alde horretan sekulako elausoak eragiten dituzte. Gorabehera handiko tartea izango da, errebuelta askorekin eta nekagarria, 6200 metroan bigarren kanpamentua jarri arte.

Eguraldia aldeko dute, eta oraingoz ez da hodei lodirik agertu hodeiertzean, aprobetxatu egin beharko dute zeru urdina, izan ere, geroago elurtzak etorriko dira. Manaslu mendiaren tranpa horixe da. Eguraldi txarra sartzen da bertan eta egunak emango dituzte kanpamentu nagusian elur malutak zelan jausten diren ikusten. Batzuetan hiruzpalau metroko geruzak sortu dira behealdean, eta maldetan elur hori guztia pilatuz gero, sekulako elur-jausiak ikusten dira bertan. Ea datozen egunotan zelan aritzen diren, guztion erritmoa ez baita bera. Simone fuerteago omen dabil besteak baino, eta gorago joan nahi du ahalik eta lasterren.

Hauek lanean aritzen diren bitartean, beste batzuek loria lortu dute K2 mendian. Nepalgo mendizale talde batek K2ko neguko lehen igoera preziatua egin du. Urtarrilaren 12an, arratsaldeko 17:00etan, Nirmal Purja, Gelje Xerpa, Mingma David Xerpa, Mingma Tenzi Xerpa, Pem Chhiri Xerpa, Dawa Temba Xerpa, Mingma Gyalje Xerpa, Dawa Tenzin Xerpa, Kili Pemba Xerpa eta Sona Xerpak mendi mitikoaren tontorra zapaldu zuten. Himalyismoaren historian aspaldian merezi izandako lekua, zor zitzaien merezimendua eskuratu dituzte munduko alpinista guztien aurrean.

Makina bat espedizio saiatu izan dira mendi hartako gailurrera igotzen, baina guztiek kale egin dute. Nepaldarrak heldu dira eta di-da batean goraino egin dute. Oxigenoa erabili badute ere, eskalada maila handikoa izan da, neguak ez baitu ezer ere barkatzen, eta gizon horiek hortzak estututa eta zeukaten guztia emanda lortu dute sari handia. Txapela kentzeko igoera egin dute. Orain, beste erronka bat gelditzen da, ea nor den gai horiexek egin dutena berdintzeko baina oxigenoa erabili gabe. Abentura hori gutxiengo batek lor dezake, bizitza erabat arriskatu egiten baita neguak eta altuerak jartzen dituzten baldintzetan. Datozen urteetan ikusiko dugu.

Baina poza edota lorpenaren alaitasuna erabat ilundu du albiste txar batek. Sergi Mingote eskalatzaile katalana hil da behealdeko maldetan erorita. Sergi eta biok Manaslu mendian elkartu ginen. Espedizio hartan ederki erakutsi zuen zeuzkan indarra eta boterea. Altueran oso ondo aritzen zen horietako bat zen. Horretaz gain, gizon hurbila, atsegina eta sano jatorra zen, irribarrea beti prest duen horietarako bat. Gomutan izango zaitugu, Sergi!

Katalanek badute harreman fatal bat mendi horrekin. Jordi Corominas, Ferran Latorre, eta Oscar Cardiach alpinistek gailurrera heltzea lortu dute, eta Jordi Angles, Manel de la Matta eta Sergi Mingote hil dira mendiaren hatzaparretan. Ehuneko gaiztoa!

Nepaldarrak K2an neguko lehenak izatea kontu ederra bada ere (munduko mendizalerik indartsuenak dira, zalantzarik gabe), ez dut poz handirik hartu K2 mendi neguan igota izan delako. Badirudi gizakiak dena ahal duela, ezinezkoa desagertu egin dela gure ametsetatik. Modernitatea mitoak ezabatzen ari da, eta dena menperatzeko gaitasuna dauka gaur egungo gizakiak. Eta balizko poza Sergiren heriotzak ekarri duen tristeziak ilundu du erabat.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo K2 mendia: poza eta tristurak

K2 mendia: poza eta tristurak