Gu Baino Okerrago

ARANTXA URRETABIZKAIA

Oraindik ere apalen batean izango dut duela ia berrogei urte Estatu Batuetan erosi eta irakurritako liburua. We were here first du izenburu, alegia, indioak zuriak baino lehenagotik zeudela lurralde haietan.

Modernitatearen puntaren punta ezagutzera joan ginen Estatu Batuetara, eta han, lurraldea mutur batetik bestera autobusez zeharkatzen ari ginela, egin genuen topo hainbeste pelikulatan ikusitako indioekin. Topaketa tristea, ikusi genituen indioak guztiz bazterturik baitzeuden, gizartearen bazterrik baztertuenean kasu askotan. Beltzak baino baztertuago.

Geroztik, edozein herritan gelditzen ginela ere, indioen aztarnak bilatzen genituen. Itzuleran, berriro ere New Yorken, indioek egindako manifestaldi batean hartu genuen parte. Bertan eta ingeles batuan, indioen kontrako bazterkeria salatzen zen. Kontatu ziguten asko zirela indioen hizkuntzak, gehienak oraindik gramatikarik gabeak eta Gobernu Federalak ez zuela dolar bat gastatzen hizkuntza haien biziraupenaren alde.

Handik aurrera, adibidez, gure artean Quebec aipatzen den bakoitzean eta bertako autodeterminazioaren inguruko legea goraipatzen den bakoitzean, galdetzen diot neure buruari ze demontre gertatu zaien ingelesak edo frantsesak bertaratu baino lehen han bizi ziren indioei, zer duten haiek esateko zuri batzuen edo besteen arteko liskarraren aurrean.

Beste adibide bat, Puerto Rico. Bi hizkuntza daude lehian han, ingelesa eta gaztelania. Aldez aurretik han bizi ziren indioen hizkuntza ez da aipatu ere egiten, zertarako, indio guztiak aspaldian desagerrarazi bazituzten.

Ba omen zegoen aspaldian jakintsu pobre bat, jateko zelai eta basoetan aurkitzen zituen belarrak hartzera behartua zegoena. Hori egiten ari zen bitartean gizonak kexak barreiatzen omen zituen han-hemenka, gaixoa ni, egoeraren tristura azpimarratuz. Halako batean, atzera begiratu eta ikusi zuen atzetik beste gizon jakintsu bat zuela, berak gutxietsitako belarrak jaten zituena.