Gerra ikusezinak
Cada viernes y sábado publicamos una selección de los relatos breves presentados al concurso 'En cuarentena', que organizan EL CORREO y la UPV. Los trabajos pueden entregarse hasta el 18 de mayo
Amets Larrea
Viernes, 10 de abril 2020
Erosketak egitera doanaren begietako disdira, txakurren normaltasun inbidiagarria, balkoitik balkoirako konplizitate begirada eta irribarreak, lanera joaten jarraitzen duten salbatzaileen begizuloak; baina batez ere paretek izkutatzen duten desesperazio eta ezinegona.
Dagoeneko bederatzi egun daramazkit hemen sartuta. Bakardadea da nire lagun. Bakardadea baino, beldurrak eragindako babesgabetasuna. Eguneko hogeita lau orduak inoiz baino luzeagoak egiten ari zaizkit; ezin dut lorik egin. Nire begi goibelak etengabeko dantzan dabiltza gelako alde batetik bestera, galdutako askatasun eta lasaitasunaren bilaketa hutsalean. Buruan ere hamaika galdera ditut bueltaka, belodromo batean baleude bezala. Etorkizunerako prestaturik nituen plan guztiak pikutara bidali behar izan ditut. Zergatik gertatu da hau guztia orain? Aste pare bat besterik ez nituen behar. Hau guztia amaiturik egongo litzateke. Eta orain zer?
Leihora ateratzera ausartzen naizen bakoitzean askatasuna besterik ez dut ikusten. Naturaren askatasuna: gutaz libratu denaren lasaitasuna. Aireak bere gardentasuna berreskuratu du, zeruak urdintasun bizia, kaleek garbitasuna eta zaratak isiltasuna. Lau pareta hauen artean, ordea, zarata besterik ez dut entzuten: nire buruan dauden ahotsek ez naute bakean uzten. Nire gain dagoen zeruak edozein momentutan eztanda egingo duen ekaitza dakar. Airea ez da gardena, gorriz blaiturik dago, eta nire gelako lurraren aztarnarik ez dago, badira pare bat egun zaborrak ito egin zuela.
Nik dudana edozein birus baino okerragoa da. Izua, damua, hobena. Gorputzeko zelula guztiak dardaraz ditut, gorputzeko poro guztietatik isurtzen dut urduritasunez baitutako izerdia. Ametsik gaiztoenean ere ez nuke horrelako egoerarik irudikatuko. Ezbehar honi irtenbidea topatu behar diot. Eta arriskatzen banaiz? Kaleak poliziez beteta daude, ez bereziki nirea bezalako kasuak salatzeko, baina harraptuz gero... Hobe izango da etxean geratzea. Bai, hori da. Gainera, ez da inor etxera etorriko, debekaturik dago. Bitartean aztarna guztiak garbitzen saiatuko naiz. Etorkizunak nahi adina denbora oparitu dit. Jenio baten modura eman beharreko urrats guztiak milimetrora neur ditzadan. Seinale bat izan da. Konturatu gabe barre algaraka hasi naiz. Hau lasaitasuna.
Leihoa ixtera hurbildu naiz. Kiratsa jasangaitza bilakatu da bat batean. Komunera hurbildu naiz, tanta gorriz apaindutako zoruko bidea jarraituz, bihotza bularrean kolpeka hasi zait indarrez. Gorpuaz libratzeko plan bat burutuko dut, akatsik gabea. Denbora ez da arazo izango.
¿QUIERES PARTICIPAR? CONSULTA LAS BASES DEL CONCURSO
ESTOS SON LOS RELATOS PUBLICADOS HASTA LA FECHA:
Noticia Relacionada