Borrar

Birusak

Ezer ez da galgarriagoa gizakiarentzat ez aspertzeko hartzen duen lan nekeza baino

Felipe Juaristi

Jueves, 15 de junio 2017, 02:28

Pascalek ironia handiz kritikatu zuen bere gelatik irteteke egon nahi ez zuen gizakiaren egoera: «Ohartu naiz gizonen zorigaitza gauza batetik bakarrik sortu dela: ez dakigu geldi egoten gela batean». Moralista frantses miresgarri horren lanak ondo irakurrita (Cioranek bereziki goraipatzen ditu; izan ere, azkenean moralista frantses bihurtu baitzen bera ere) ikasten dugu ezer ez dela galgarriagoa gizakiarentzat ez aspertzeko hartzen duen lan nekeza baino. Une horretan, hutsaren aurrean, bere baitatik indar eta bortizkeria handiz sortutako minak harrapatzen baitu, eta bat-batean malenkonia zabaltzen zaio gorputzean barrena itsas ura hondartzan udazkeneko egun haserreetan bezala.

Hutsik egoteari beldurra diogu; baita beterik egoteari ere. Erdibiderik nekez dugu aurkitzen. Asperra gogaikarri zaio jende gehienari. Brodsky poetak asperraren aldeko testu batean idatzi zuen pasioa eta oinazea direla asperraren aurkako sendagarria. Pasioz beteriko gizon-emakumeak ez dira sekula aspertzen, beti ere noranahi jaurtitzeko gezia prest baitute. Baina iruditzen zait pasioak, hasi aurretik, iraungitze-data idatzita duela irudizko bekokian, eta gainerako gauza guztiak bezala amaitzen dela, errauts artean. Oinazea gogaikarri ez ezik, asaldagarri zaigu, eta ez dugu jasaten, sendagarrien laguntzaz ez bada.

Psikiatrak kezkatuta daude: gero eta gehiago dira berengana joaten direnak barruan duten (edo soinean daramaten) asperrari aurre egin ezinda, ondorioz bizitzak zentzurik ez duela sinetsita. Ez dakite zer egin hutsik dagoen gela batean. Bueltaka hasten dira, ez gela zeharkatuz inguruz inguru, beren baitako bazterrak alderik alde ibiliz baizik. Eta asperraren leizean erortzeko zorian ikusten dute beren burua. Freudek zioen pertsona bat bizitzaren zentzuaz hasten bazen galdezka gaixotzen hasi zen seinale zela. Bizi tzaren zentzua, laburbilduz, zentzuaren bizitza da, zentzumenen bizitza aberats eta oparoa. Baina galdera sakon eta erantzun luzeak beharko lituzketenak egiten hasteke, egia da jendea aspertu egiten dela eta ez dakiela asperrari probetxuzko ezer ateratzen. Gizartea, goi eta behe mailan, saiatzen da asperraren egoera samurtzen, erabat ezabatu ezin dezakeela jakinda. Txikitatik erakusten diegu seme-alabei ez dutela ordurik galdu behar ezer egin gabe, baina ez diegu adierazten zer den ezer egin gabe egotea. Nor bere gelan edo bere txokoan pentsatzen ari tzea, orduak joan eta orduak etorri, ezer egin gabe egotea al da? Haurrek ez dute bakarrik egon nahi; baina ez dakite sortze-lanak egiteko bakardadea ezinbestekoa dela. Konta tzen du Juana Ines de la Cruz arrebak, XVII. mendeko poeta eta mojak (edo moja eta poetak) komentuko nagusiak debekatu egin ziola leitzen eta idazten, eta zigorturik, sukaldeko lanak egitera bidali zuela. Eta han, sukaldeko ontzi eta zartagin belztuen artean, Juana Inesek buruz leitzen eta ikasten zuen, gero, astia izanda, paperera itzuliko zituen sonetoak. Ondorio honetara ere iritsi zen: «Aristoteles sukaldean lanean aritu izan balitz, beste era batera pentsatuko zukeen». Ni ere konturatuta nago etxeko tresnak harraskan garbitzen ditudanean, esku hutsik, burua bete egiten zaidala aforismoz. Asperra ordea infinitua ukitzeko modua da.

Eguneroko bizitzan gero eta aukera gutxiago dugu aspertzeko, edo asperraldiaren sarean erortzeko. Goizean kafea hartzera joaten naizen tabernan telebista piztuta egoten da ni joan aurretik ere. Uste dut jabeak, sartutakoan, ezer baino lehen egiten duen lana telebista piztea dela. Ez dago tabernarik telebistarik ez duenik, edo telebista ezean musika, ahalik eta ozenen jarrita. Duela gutxi, autobusa hartu eta bertan zihoazen gehienak (ia denak ez esatearren) sakelako telefonoa zuten eskuan eta han ari ziren jolas eta molas. Soilik teknologia berrietara egin ez eta sekulako egingo ez direnak zeuden so eta mo, baina lasai, mundu hura beraiei ez zegokiela jakitun.

Horiek nituen buruan, egunotan bazterrak astindu dituen birusaz oroitzean. Aspertzera kondenatuko gaituzte, eta batzuek majo sufritu beharko dute.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Birusak