Borrar

Heziketa sentimentala

Kritikagile batzuen ustez, Flauberten testuak asko irabazten du Karlos Marxen 'Klase borroka Frantzian' liburuarekin batera irakurtzen bada

Felipe Juaristi

Martes, 3 de enero 2017, 00:22

Flaubertek 1868an argitaratu zuen 'Heziketa Sentimentala'. Urte askoan maneiatutako testua da. Kritikagile batzuen ustez, testuak asko irabazten du Karlos Marxen 'Klase borroka Frantzian' liburuarekin batera irakurtzen bada. Bi historiak porrotaren historiak baitira: norbanakoarena, lehena; kolektiboarena, bigarrena. Lukacsek beste era batez definitu zuen: «desilusioaren nobela psikologoa».

Iniziazio nobela baita, alegia gaztarotik helduarora igarotzeko denboraldi hori konta-tzen duena. Karlos Marxena ere, neurri handi batean, iniziazio liburua da. Frantzian gertatutako gorabeherak hartzen ditu bere tesiak azaltzeko. Desilusioa sendatu egin zen eta 1868ko iraultza eta Komuna eragin zituen. Hori da Marxek historiari buruz dakarkigun irakasbidea. Flaubertek ere historia egin nahi zuen Heziketa Sentimentala idatzi zuenean: «Nire belaunaldiaren historia morala egin nahi dut; sentimentala zehatzagoa izango litzateke». Sentimenduak agerian jarri nahi baitzituen: maitasunaren pasioa eta pasioaren maitasuna. Kritikariek ere badiote, neurri handi batean, Flaubertek bere historia kontatu zuela, gauzatu ez zen maitasunarena. Historia sentimentala kontatzen badu ere, ez da nobela sentimentala; ez, behintzat, mende batzuk lehenago ezagutu izan ziren haiek bezalakoa. Burgesiaren erresuman, sentimenduak ere diruaren pisuari men egin behar diote. Flaubertek badaki erromantizismoaren garaia amaitu dela, batez ere amaituta dagoela 1848an, iraultzak porrot egiten duenean, eta Napoleon Bonaparterekin beste denboraldi bati ekingo diotela Frantzian nagusi diren indarrek.

Historia sentimentalak, gaur egun, modaz kanpo daude. Areago, esango nuke iniziazio nobelak ere gaur egun ez direla oso estimatuak. Moralarekin baitute zerikusia, iniziazio eleberriek gaztarotik helduarora igarotze prozesua kontatzearekin batera, iraultza ez-egonkorretik ez-iraultza egonkorrera igaro-tzeko prozesua ere deskribatzen baitu. Gazteak, izan ere, errebeldeak dira hemen eta Londresen; eta helduak, nor bere lanbide eta familiarekin asentatu ondoren, kontserbadoreagoak. Salbuespenak egongo dira, ez dut zalantzarik; baina ez da ohikoa.

Sentimendua bera ere gutxietsia dugu gure garaian; baina horrek ez du esan nahi erabat desagertu denik. Gizakia bi bultzadek daramate aurrera bizi den bitartean, arrazoimenak eta sentimenduak. Askotan, pentsatzen jarrita, arrazoimena ere sentimendua dela sinestera iristen naiz ni. Ez du, noski, bihotzarekin zerikusia, baina bai pasio deitzen den indar suntsitzaile eta orojale horrekin. Erromantizismoa ez baitzen XIX. mendean amaitu, ez erabat. Gaurko jarrera askok, gazteen artean batez ere, jatorri erromantikoa sala-tzen dute. Gazteak sentimentalak dira, eta, seguru asko, garrantzi gehiegi ematen diote sentimenduari.

Iniziazio nobelak, ordea, bere bidea egin du, XX. mendean ere. Batzuk, aipatzekotan: Thomas Mannen 'Mendi magikoa', James Joyceren 'Artista nerabearen potreta' edota Salingerren 'Zekale artean harrapaka'. Nobela handiak dira, mundu baten suntsiketa azaltzen dutenak. Normalean, uste ohi da, mundu baten suntsiketak beste baten eraikuntza dakarrela, baina ez da beti horrela gertatzen. Nobela horietako pertsonaiak ez dira bukaeran hasieran zirena. Gizon-emakumeak aldatu egiten gara, eta aldaketak berak dakar gizatasuna. Flaubertek eta Marxek argi ikusi zuten hori.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Heziketa sentimentala