Herrikoia
Felipe Juaristi
Domingo, 22 de enero 2017, 23:27
Azterketa ugari egin da gurean herri-literaturaz, edo herri-literaturaz ulertzen den horretaz. Era berean, euskal ahozkotasunak hartzen dituen formak ere oso zabalduak izan dira, aztertuak izanagatik. Ez naiz egokiena esateko egin den lan guztia, txukunaz aparte, baliagarri izan ote den ala ez. Horietako asko lan akademikoak diren neurrian, pentsatzekoa da baliagarri izan direla eta izan daitezkeela, edo, behintzat, ez da zalantzan jartzekoa haien baliagarritasuna. Erabilgarritasuna, beste kontu bat da. Izan ere, kontraesan bat edo beste sortzen zaigu halakoetan. Herri-literaturari buruzko azterketak unibertsitate mailaraino altxatzen badira, non geratzen da herritasuna? Bestalde, herritasuna herri mailan soilik geratzen bada, nork ezagutuko du bere esparru naturaletik kanpo? Galdera hobeto egingo dut, herri-formak ez badira forma unibertsalak izatera iristen, epe luzera, laburrera ez bada, galtzeko arriskuan egongo dira.
Har dezadan bertsolaritza adibide gisa. Berez, eta neure burua zuritzeko diot, ez naiz bertsozale amorratua, astero bertso saioak telebista edo irrati bidez entzutera geratzen diren horietakoa, are gutxiago bertso-afari edo horrelako antzezpenetara joateko ohitura duten horietakoa. Baina, bertsolaritza gustatzen zait, eta, bertsolariak bainoago, bertsoak ditut gustuko. Ondo biribildutako bertso batean artearen grazia aurkitzen dut, ondo biribildutako soneto batean bezainbeste. Ezberdinak direla sonetoa eta bertsoa, argi dago. Sonetoa forma kultua da, literaturan soilik erabili izan dena eta, nire iritziz, gizakiok imitatzeko dugun gogo eta ahalmenarengatik gehiago, bestelako arrazoiengatik baino. Izan ere, sonetoa arrotza zaio euskarari, edo euskara arrotza egiten zaio sonetoari. Arestik, Mirandek, eta beste poeta batzuek erabili izan dute, bakoitzak bere poesiari halako kutsu errespetagarria eman nahian edo. Oihenart aparte utzi beharko dugu, berak mamitutako giroan sartzen baita sonetogintza, eta, idazlea bere garaiaren zordun denez, sonetoa ez zitzaion Oihenarti arrotz egiten. Baina, sonetoaren bilakaera ikusten badugu, Italian sortuz geroztik, konturatuko gara latinaren eragin handia zuten hizkuntzetan errotu zela, modu kultu gisa beti, bestelako herri forma poetikoak erabat baztertu gabe. Petrarkaren modua, oso berria orduan, Garcilasok ekarri zuen Espainiara, gaztelania bidaide zuela. Latinetik datozen hizkuntzek badute sonetoari egokitzeko modua; ingelesak ere bai. Soneto eder bezain on eta famatuak dira Quevedorenak edo Borgesenak gaztelaniaz, Ronsardenak frantsesez, Ausias Marchenak katalanez, Shakespearerenak ingelesez. Soneto bat idazten duenak, ehunka ere idatz ditzake. Horrek ez du esan nahi denak on eta ederrak izango direnik, baina sonetoaren teknikaren jabe denak, era berean, hizkuntzaren amarruak ezagutzen baditu eta hitzen arrimu ona bilatzen badu, lortuko du sonetoa ia bat-batean idaztea.
Bertsolarien modura. Bertsolariek, puntakoak direnek bederen, astean bi eta hiru saio egiten dituztenek, bertsoak egiteko erraztasuna lortu dute. Baina horrek ez du esan nahi ahotik bat-batean ateratzen zaizkien bertso guztiak ontsuak direnik. Batzuk beste batzuk baino gehiago, jakina. Artean, jakinekoa denez, trebetasunaz gainera, alegia lantzen den materiala eta lehengaia menderatzeko abileziaz aparte, talentua ere eduki behar izaten da. Horregatik, edozein ezin daiteke artista izan, baina bai bertso-egile duin, edo soneto-egile onargarri. Gertatzen da egiten dugun langintza horretan denok aitortuak izan nahi dugula. Galdu baitugu jolasteko ohitura, hitz egiteko ohitura galdu dugun bezala.
Kontua, ordea, beste bat da. Izanik bertsolaritza herri-formarik ezagunena, eta aitorturik bertsolaritzan ere poesia aurki daitekeela, bere modurik aipagarrienean, zergatik ez da zabaldu literaturaren beste esparruetara? Euskal poesiak, gaur egun bederen, gutxitan erabiltzen du bertsolarien modua. Bertsoak, berez musikadunak direnez, plazatan kantatzen dira, jende askoren aurrean, eta poemak, bazterretan esaten dira, argi gutxirekin eta konpainia onean, ahal bada. Bertsolariek poesia ere egin dezakete, baina iruditzen zait ez dela hori haien helburua. Poetak ere bertsoak egin ditzake, baina ez dut uste gaur egun poetak hori gogoan duenik.
Elkarrengandik aparte bizi diren bi sistema bilakatu dira. Baina oraintxe ez naiz ausartzen esatera zein den bietan kultuagoa.