Txinako Qingdao hiriko ordezkaritza batek Bilbo bisitatu du
Bere helburua bi udalen arteko lankidetza sendotzea da
elcorreo.com
Martes, 22 de marzo 2016, 00:19
Juan María Aburto Bilboko alkatea Txinako Qingdao hiriko 12 ordezkarik osatutako ordezkaritzarekin bildu da duela egun gutxi batzuk Bizkaiko hiriburuko udaletxean. Bi udalek 2003an sinatutako lankidetza hitzarmenari lotutako ekintzen baitan dago Qingdaoko alkateorde Wang Guangzheng buru duen bisita. Orduko hitzarmenaren bitartez, Bilbok eta Qingdaok «adiskidetasunaren hiria» delako izendapena eman zioten elkarri.
Hitzarmenaren helburua herritarrentzako ahalik eta onura gehien eskuratzea da, osasunaren, hezkuntzaren, kulturaren, teknologiaren, merkataritzaren eta ekonomiaren alorretan lankidetza ekintzak martxan jarriz. Bizkaiko hiriburuan egin duten egonaldian, Qingdaoko 12 ordezkariak Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hiri Plangintzako zinegotziarekin ere bildu dira eta Guggenheim Bilbao Museoa bisitatu dute.
Qingdaoko ordezkariak Bilbon dauden hirugarren aldia da. 2012ko irailean bisitatu zuten hiria lehen aldiz, 80 irudiz osatutako artista txinatarren argazki erakusketa bat zela eta. Ekitaldi hura aire zabalean egin zen, Iparreko geltokiaren ondoan jarritako karpa batzuetan.
2014an, hitzarmenaren hamargarren urteurrenarekin bat eginez, Ibon Areso orduko alkateak Qingdaoko ordezkaritzari harrera egin zion, Blue Economy delakoari, ingurumenari eta garapen jasangarriari lotutako proiektuak garatzen dituzten enpresekin batera, kontzeptu horren inguruan lankidetza bide berriak zabaltzeko asmoz.