Omako basoa ezagutzeko bisita gidatuak irailaren 6ra arte eskainiko dira
Ostiral, larunbat eta igandeetak egingo dira irteerak, 12:00etan eta 17:00etan
i. c.
Viernes, 14 de agosto 2015, 18:23
Omako basoa ezagutzeko bisita gidatuak irailaren 6ra arte egingo dira, ostiral, larunbat eta igandeetan, 12:00etan eta 17:00etan, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Prezioa hiru eurokoa izango da, eta badago aukera bisita hori Santimamiñeko bisitarekin batera egiteko, sei euro ordainduta. Tarifa murriztuak eskaintzen dira erretirodun, ikasle eta adingabeentzat. Sarrerak Santimamiñeko informazio zentroan (Basondo, z/g - Kortezubi) eskura daitezke.
Omako Baso Margotua Kortezubin dago, Santimamiñeko haitzulotik hur, bai eta Agustin Ibarrola artistaren etxetik hur ere. Land art izeneko joera garaikidearen adierazpena da baso hau; korronte sortzaile hori hirurogei hamarkadako azken urteetan sortu zen, eta bere helburua da artelana naturara eramatea, paisaia erabilita marko, euskarri eta lehengai legez.
Obra zuhaitz margotu batzuek osatzen dute; zuhaitzok sakonerako maila ezberdinetan daude, eta plano desberdinetan irudi geometrikoak, giza irudiak eta animalienak erakusten dira. Margoetako batzuk, izan ere, leku jakin batzuetatik bakarrik ikus daitezke, eta lekuotan hainbat enborren irudiek irudi bakarra eratzen dute. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du "bisitari bakoitzak bere obra eraikitzen duela, ikuspegi ezberdinekin jokatuz, bidezidor batetik edo bestetik dabilela, edo norabide ezberdinetara begira jartzen dela".