Pedro Sánchez eta Idoia Mendia.

Larrosa zimelduak

Larri dabil Alderdi Sozialista. Barruko giro nahasiak eta krisiaren hasieran erakutsitako zenbait jokamoldek bozemaile izandako askoren babesa galtzera eraman dute. Zulo sakonean sartuta dago aspaldion eta inork ez daki txarrena atzean utzi duen ala oraindik heltzear dagoen

joseba arruti

Lunes, 16 de febrero 2015, 01:23

Politikan berba asko desitxuratu eta alperrik galtzeko gehiegizko joera dago, ahobero izateak ez baitu Ciceronen erretorikarako biderik zabaltzen. Hala, uste sendoa ei dena bihar-etzirako baino ez da izaten, atzoko aurkari sutsuak gaurko lagun minak dira, ezina adjektibo potoloz mozorrotzen da ekinaren eta eginaren itxura har dezan eta historikotzat joa edozein tximistakadak kiskaltzen du. Hitz jokoz eta azpiesanahiz beteta dago zenbait politikariren hizkera, endogamiak kutsatutako kodez josita. Kazetariaren zeregina, aldiz, berbak ondo neurtuta baliatzea da, zehatza izatea, testuingurua finkatzea, eta halako beste asko. Deontologia profesionalari atxikiz errealitatearen aurrean leial jokatzea, beraz. Hortik abiatuta, PSOE azken lau hamarkadatako krisi larrienak zartatuta dagoela esatea ez da funts gabeko adierazpen katastrofikoa, jazotzen ari denaren isla milimetrikoa baino. Alderdiek, gizabanakoen antzera, atzean ibilbide luzea izanagatik ere, halako batean, okerreko erabakiak kateatzen direnean, gehiago ezin eusteko arriskua izaten dute.

Publicidad

2008ko hauteskunde orokorrak kronologikoki hurbilekoak dira baina politikoki hainbat argi-urtetako distantziakoak. Ordukoan, martxoaren 9an, José Luis Rodríguez Zapaterok garaipen handia lortu zuen, bozemaileek 169 diputatu sozialista aukeratu baitzituzten Kongresurako, horietako bederatzi Euskal Autonomia Erkidegokoak. Ostean, gailur horretatik buruz behera erori ziren, amildegiaren ertzera. Krisi ekonomikoa ukatzeak, lehenik, eta horri aurre egiteko okerreko errezetek, ondoren, uste baino sakonagoa den putzura bultzatu zuten. Eta hor jarraitzen du, ura aho inguruan dabilkiola. Rubalcaba idazkari nagusi aukeratzeak ez zuen ezer konpondu eta, primarietan aukeratua izateak oxigeno gehiago eman behar zion arren, Pedro Sánchez itolarria arindu ezinean dabil, pisuzko zenbait alderdikideren bultzakadei esker.

Egunotan Madrilen jazotakoak erakusten du zein egoeratan dagoen Alderdi Sozialista. Bertako hauteskunde autonomikoak izateko ehun egun falta direnean, PSMren zuzendaritza desegin du idazkari nagusi berriak, eta hautagaia aldatu. Horren atzean barrura begirako indar erakustaldia dago, baina baita inkestek iragartzen dituzten emaitza negargarrien aurreko izua ere. Oso aspaldiko krisi ekonomiko bortitzena kudeatzeak berez dakarren higatze-prozesu eta guzti, Espainia mailan zein hiriburuan PP PSOEren aurretik dago oraindik, eta Podemos-ek ere atzean utz dezake. Maiatzaren 24ko emaitzak txarrak badira, eta hala ematen du, Susana Díaz-ek alderdi barruko lidergoa eskuratzeko urratsa egin dezake, ezegonkortasuna muturreraino eramanez. Horretarako Andaluziako autonomikoetan emaitza txukuna lortu beharko du martxoan, bestelakoan txikizioa erabatekoa izango baita.

Sozialisten egungo arazo nagusia sinesgarritasunarekin lotuta dago. Aurrerakoi jokatzeak eraman zituen 2008ko garaipenera eta nortasuna galtzeak bultzatu ditu zulora. Ez da Espainia mailako fenomenoa bakarrik, Europa osoan sozialdemokrazia gaixo berberak jota baitago. Alternatiba izan beharrean eskumako alderdien osagarri bihurtu da askotan, eta ohiko bozemaileek bizkarra eman diote. Frantzian Hollande-rekin jazotakoak azken itxaropenak txikitu ditu. Hortik aurrera, nortasun krisi hori gainditzeko, benetan zer izan nahi duten argitu beharko dute alderdi sozialistek. Oraingoz ez dute lortu. Alemanian Merkel-en eskutik ari dira boterean, hexagonoan Valls-en gobernuak Sarkozy-rena ematen du behin baino gehiagotan eta Erresuma Batuan laboristak nagusitu ezinean dabiltza, aurreraka barik atzeraka. Mende hasierako erronkei heltzeko ezker tankerako eredu propio, sendo eta bereizgarri bat bilatu ezean, ilun dator etorkizuna alderdi guzti hauentzat. Kapitalismoa gizakortzeko eta botere ekonomikoak mendean hartzeko ekin ordez, krisi honen iturburu direnak konpondu ez eta zirenean utzi dituzte. Espainian ere, berdintsu.

Epe luzeko estrategia landuen eskutik etorriko dira garai hobeak. Horretarako, definizio politikotik, koherentziatik, barne batasunetik eta jokamolde demokratiko eta partehartzaileei dagokienean aitzindari izatetik abiatu beharko dira. Espainian, besteak beste, eredu ekonomikoari eta instituzionalari buruzko hainbat galderari erantzun beharko diete. Ez da nahikoa kapitalismoaren gaitzak salatzea edo federalismoaren alde egitea. Aldarrikapen horiek edukiz betetzea ezinbestekoa da, neurri zehatzez osatzea. Datorren mende erdirako gura dutena argitu beharko dute, eta ausardiaz jokatu. Bestela, hainbat sektore sozial berri eta dinamikok egitura zaharkitu eta porrot egindakoekin identifikatuko ditu sozialistak aurrerantzean ere, eta ezinezko izango zaie nagusitasun politikoa urte askotan berreskuratzea.

Publicidad

Aje sorta hau Euskadin ere zabaldua dago. Patxi López-ek idazkaritza nagusia Idoia Mendiaren esku uzteak etapa berri bat zabaldu beharko luke PSE-EEren barruan, bakea behin betikotzearen osteko normaltasun politikoaren baitakoa. Terrorismoaren eraginezko zoritxarreko erresistentzia politikoak ekimenen sasoiari utzi behar dio lekua. Eusten jarraitu ordez, aurrera begirakoari nola heldu erabakiko beharko dute. Desafio berriak datoz, eta erantzunak ere halakoxeak izan behar dira. Gai sozialetan eta ezker inguruko alderdiek berezko dituzten kontuetan nabarmentzeaz gain, autogobernu ereduari buruzko proposamen zehatzak plazaratzea saihestu ezinezkoa da honezkero. Gernikako Estatutuaren osterako zer gura duten argitu beharko dute, eta Nafarroa eta Iparraldearekiko harremanei dagokienez malguago jokatu. Ezin dira Europa eta mundu zabala behin eta berriro aipatu hain gertukoak direnekin maila guztietako zubiak eraikitzeko beldurra badago. Aldi berean, erresuma zaharreko sozialistek antzeko ariketa egin beharko dute, UPNren sostengu izateari utzi eta irudimen politikoz jokatzeko. Euskal nortasunarekin lotutako gai askotan, gizartea sozialisten oso aurretik joan da luzaroan, eta horretan ere badute zer egin.

Momentu erabakigarria da PSOErentzat. Orain duen indarra ez da nahikoa benetako alternatiba izateko. Eta Espainia mailan dituen arazoetako asko erkidego autonomo gehienetan dituenen parekoak dira. Ustez, ezkerreko alderdiek, epelenek ere, eraldaketa sozialaren alde jokatu behar dute, hoberako delakoan, ez indarrean dagoenaren harresi modura. Lekua galtzen duenak nekez egingo du aurrera politikan. Ondo daki Greziako Pasok-ek. Espainian Alderdi Sozialistak bestelako historia eta sendotasun bat du, baina aldaketa politiko, sozial eta ekonomiko sakonen garaia da hau. Horretaz jabetu ez eta molde berrietara egokitzeko gai ez dena egungo ekaitz perfektuak eramango du.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad