AEK-k mintzapraktikari buruzko jardunaldia egingo du azaroaren 28an Bilbon
Izen ematea doakoa da, baina matrikula orria bete beharra dago. Hori guztia egiteko azken eguna azaroaren 21a izango da
europa press
Miércoles, 12 de noviembre 2014, 01:21
AEKren Praktika Jarduerak zerbitzuak 'Gaur, euskara praktikatu. Bihar, euskaraz bizi' jardunaldia egingo du azaroaren 28an Bilboko La Bolsa udaltegian, mintzapraktika egitasmoen inguruan gogoeta egiteko helburuarekin, AEK-k prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Gonbidatu eta hizlarien artean izango dira Ana De Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia, Asier Amondo Korrika arduraduna, Jone Goirigolzarri Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateko irakasle eta ikerlaria, Maite Inda Kontseiluko ildo sozialeko burua eta Iñaki Martinez de Luna soziologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea.
2007an, aurretiko eskarmentu handia kontuan hartuta, AEK-k Praktika Jarduerak zerbitzua abiarazi zuen. Mintzapraktika programak sustatzen hastearekin batera, bi helburu nagusi zehaztu ziren: lehenengoa pedagogikoa, euskararen praktikaren bitartez ikasleen ikas-prozesua azkartzea, eta bigarrena, soziala, euskararentzat esparru berriak irabaztea eta hiztun aktiboak sortzea.
Urtetik urtera, mintzapraktika egitasmoek bilakaera handia izan dute, eta partaideei egindako asebetetze inkesta guztietan oso balorazio positiboak jaso dira. "Beraz, esan daiteke lehenengo helburua betetzen ari dela, alegia, ikas-prozesua arintzen laguntzen dutela", adierazi dute AEK-ko iturriek.
Jardunaldi honetan, baina, bigarren erronkari buruzko gogoeta egin nahi du, helburu sozialaz hausnartu, alegia. Horrela, "zenbat esparru berri irabazi dugu urte hauetan?"; "nola aktibatu oraindik euskaraz gutxitan egiten duten lagunek jauzia ematen dezaten?"; "zeintzuk dira motibazioan eragiteko gakoak?" moduko galderak erantzuten saiatuko dira.
Topaketan, adituen hitzaldiak eta parte hartzaileen arteko elkarrizketak entzungo dira, eta, lantaldeen bitartez, esperientzien eta proiektuen berri ematearekin batera, erronka horri buruzko gogoeta egingo da. "Aukera ezin hobea izango dugu, hortaz, mintzapraktika egitasmoen egoeraz, bidelagun eta bidelarien aktibazioaz eta programa hauek izan dezaketen etorkizunez hitz egiteko", nabarmendu dute.
Jardunaldia mintzapraktika egitasmoak sustatzen dabiltzan lagunei zuzenduta dago, hau da, dinamizatzaile, euskara teknikari, euskaltegietako zuzendari eta irakasle edota euskara elkarteetako kideei.
Izen ematea doakoa da, baina matrikula orria bete beharra dago. Leku kopurua mugatua denez, izena emateko dataren arabera gordeko da lekua. Izena emateko azken eguna azaroaren 21a izango da.