Borrar
Manex Agirre bertsolaria.
Bertsolaritza nola entrenatu...

Bertsolaritza nola entrenatu...

Taldeka edota banaka prestatzen dituzte errimagileek txapelketak

Jokin Elizaran

Jueves, 19 de marzo 2015, 00:53

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

"Bertsolari izan nahi dut" esaldia ez da nahikoa mikrofono aurrean plazatik plazara ibiltzeko. Benetako errimagilea izateko lana, praktika eta entramenduak guztiz beharrezkoak baitira. Bizitzako edozein arlotan bezala, talentu eta 'grazia' bezalako kontzeptuak eskertzekoak dira, baina ez hain garrantzitsuak. Eta Aritz Adurizek Lezaman orduak ematen dituen bezalaxe, txapelketetan parte hartzen duten bertsolariek ere bere trebetasuna jorratzeko ariketa lan-saio gogorrak izaten dituzte. Batzuek, etxean. Besteek, bertso eskoletan. Bakoitzarentzat metodo egoki bat dago.

"Nire ustez, metodo hoberena taldeka jardutea da", dio Manex Agirre aramaioarrak, Arabako Bertsolaritza Txapelketako txapeldun 2011an. Berak Arabako Txapelketako finalean parte hartuko du berriro larunbatean, Gasteizko Antzoki Nagusian, eta azken egunotan daraman metodologia zein den azaldu dio elcorreo.com-i. "Finalaurrekoak eta herrietako kanporaketak beroketa lan egoki bezala ikusten ditut", aipatu du bertsolari gazteak. Dena den, aurretik egin duen preparazioa "garrantzitsua" da. "Astero batzen den bertsolari-lagun talde baten parte naiz. Eta hor lan handia egiten dugula uste dut. Baina, esan bezala, finalera ondo iristeko benetako entrenamentua kanporaketako lanak egitea da, nire ustez". Taldeaz gain, bere kabuz ere egiten du hobetzeko esfortzu ederra. "Gai diferenteak planteatzen dizkiot nire buruari bakarrik nagoenean finala prestatzeko. Eta ikuspuntu berriak bilatzen saiatzen naiz" azaldu du.

Beste bertsolari gazte batek, Xabi Igoak, antzeko dinamika darama. Bera ere finala prestatzen dabil. "Ni asteartero daukat talde-lana. Baina etxean ere askotan ibiltzen naiz kantuan", dio. Berak bertsoeskolan ikasi zuen bertsotan, gaur egungo gazte askok eta askok bezala. Lehen ikasteko prozesua 'anarkikoagoa' baitzen. "Guri txikitatik erakutsi digute errimak egiten, baita bertsoen luzerara egokitzen eta horrelakoetan", esan du, "baina eguneroko lana da niretzako sekretu bakarra. Irudimena eta elegantzia ez datoz bakarrik".

Delako "autoebaluazioa" egitea ere "oso interesgarria" iruditzen zaie bi bertsolariei. "Zure akatsen jatorria zehaztu behar duzu, analisi moduko bat egin. Eta horren ostean, zertan hobetu dezakezun identifikatzea da gakoa", esan du Agirrek. Zeintzuk dira, orduan, entrenamendu arloak? "Errimak, betelana eta ideiak, batez ere", dio Aramaioko txapeldunak.

Arabako Bertsolari Txapelketako finala bihar egingo da Printzipal Antzokian, 17.30ean. Sarrerak antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira. Lehiatilan, telefonoz edota antzokiaren web gunean. Manex Agirre, Oihane Perea, Zigor Enbeita, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa eta Ruben Sanchez arituko dira bertan, txapelaren bila.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios